Guztia prest XXVIII. San Martin Azokarako

10.11.17
Euskara

24 ordu baino gutxiago falta dira gure herrian San Martin Azokaren hogeita zortzigarren edizioa ospatzeko. Euskal Birusa elkarteak antolatu du ekimena beste behin, eta jada hasi da lekua hartzen Ermuko kaleetan, etxolen eta nekazarien postuen muntaketarekin.

Azoka bihar larunbata goizeko hamaiketan hasiko da, Musika Eskolako trikitilari eta txistularien eta Arrasateko gaiteroen kalejirekin. Aurten, bost kategoriatan sailkatutako 34 postuk parte hartuko dute San Martingo lehiaketan: 12 postu fruta eta ortuarien atalean, 7 gaztaren kasuan, beste 7 ogiaren atalean, 4 eztiaren kasuan eta beste 4 sagardo eta txakolin kategorian. Postu horiek guztiak Orbe Kardinala plazan, Erdikokalen eta Probalekun kokatuko dira (1 eta 2 guneak), eta taloen postua ere plazan egongo da.

Gainera, lehiaketatik kanpo, beste 6 postu izango ditugu herrian marmelada ekologikoak, txerrikiak, ahatekiak, intxaurrak eta abar erakusteko. Horiek ere 1 eta 2 guneetan kokatuko dira.

San Martin plaza, bestalde, herriko neskato-mutikoen gune nagusia izango da, bertan egongo baitira Eskolabarri, Ermua BHI eta San Lorenzo ikastetxeen postuak. Gainera, 11:00etatik aurrera Kulkiren jolasetan parte hartzeko aukera izango dute etxeko txikienek.

Bestalde, Santiago parrokiaren arkupeetan eta inguruetan hogei artisau postu inguru izango dira: portzelana, oroigarriak, brotxeak, bitxiak, artilea, argazkiak...

Animalien eta Errekaldetik jaitsiko diren ardi eta astoen erakusketari dagokionez, Baldespina Markesaren parkean egongo dira ikusgai egun osoan zehar.

XXVIII. San Martin Azokako programazio osoa hemen kontsultatu daiteke.

Aldaketak trafikoan

Azokaren ospakizuna eta ekimen ezberdinak direla eta, herriko zenbait kaletako trafikoa aldatu egingo da ekitaldi guztiak normaltasunez burutu daitezen. Hori horrela, Baldespina Markesa kalea, esaterako, itxita egongo da 8etatik 15etara, eta azokan parte hartzen duten artisauek soilik sartu ahalko dute bertara ibilgailuekin.

Aparkatzeko plaza batzuk ere azokan parte hartuko duten pertsonentzat erreserbatuta egongo dira (artisau eta nekazarientzat). Hori dela eta, larunbat honetako 08:00etatik aurrera, azoka txikia ospatzen den gunea, Bizkaia Etorbideko 6. zenbakia, jubilatuen egoitzako eta Santander bankuko inguruak eta Karabixako bi aparkaleku libre utzi beharko dira XXVIII. San Martin azokan parte hartuko duten pertsonentzat.

Lotutako albisteak

Imagen
12.11.25
Olaia Inziartek bere bigarren diskoa aurkeztuko du Ermua Antzokian

‘Zerrautsa' emozioen kantua da, partekatzeko diren letra eta musikarekin
Imagen
05.11.25
Dena prest XXXV. San Martin azokarako

Aurtengoa animaliarik gabeko edizioa izango da
Imagen
03.11.25
Gabon Negulekuetarako izen-emateak asteazkenean zabalduko dira

Familiek azaroaren 5etik 13ra arte aukera izango dute seme-alabak inskribatzeko