NANaren sinadura digitalerako funtzioa aldi baterako desaktibatu du Poliziak

10.11.17
Gizartea

Poliziaren Zuzendaritza Nagusiak 2015eko apiriletik aurrera egindako Nortasun Agiri Nazionalek duten ziurtagiri digital erabilera bertan behera utzi du. Neurria aldi baterakoa eta prebentiboa da, eta ROCAren mehatxua dela eta hartu da erabakia. ROCA Eslovakiako unibertsitateko ikasleek sortu duten programa bat da, eta horren bitartez, txartel elektronikoetako txipa baliatuz erabiltzaileen datu pribatuak eskuratu daitezke.

Ez da ahultasunik edo datu pribatuak eskuratu direnik atzeman, baina badaezpada desaktibatu egin da 2015eko apiriletik aurrera egin diren NAN guztiek elektronikoki sinatzeko duten funtzioa. ASG160.000 soporte zenbakia edo jarraitukoa dutenak gelditu dira bertan behera.

Funtzionalitate hori desaktibatuta dagoen bitartean, NANaren segurtasuna hobetzeko lan egingo du Poliziak, eta hilabete barru berriro aktibo egongo direla espero da. Arazo teknikoei konponbidea topatu ostean, kaltetutako pertsonek abisua jasoko dute eta izapidetze bulegoetara joateko aukera izango dute euren txartelak eguneratzeko.

NANak gainontzeko erabileretarako erabat baliagarria izaten jarraituko du, noski, hala nola, identifikatzeko, izapide administratiboak burutzeko eta Europar Batasuneko herrialdeen artean bidaiatzeko.

Izenpeko 30.000 txartel, bertan behera

Aste honetan bertan azaldu dizuegun moduan, Euskal Autonomia Erkidegoko hiritarrek eta enpresek digitalki sinatu ahal izateko erabiltzen dituzten 30.000 txartel baino gehiago bertan behera utzi ditu Izenpe ziurtapen-zerbitzuetako egileak, ROCA programa dela eta.

Sareen eta Informazioaren Segurtasunerako Europako Agentziak (ENISA) ziurtapen-zerbitzuetako egileei ahulezia horren berri eman die, eta horren ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoan egile nagusi den Izenpek txartel guztiak bertan behera uztea erabaki du, erabiltzaile guztien segurtasuna bermatzeko.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan indarrean dauden txartelen %15a kaltetu dira, berdeak (hiritarrenak) eta urdinak (elkarteenak). Izenpek bertan behera utzi dituen txartelen erabiltzaileek posta elektroniko bidez abisua jaso dute jada, eta txartel berria ahalik eta azkarren lortzeko eman beharreko pausoen berri eman zaie. Gomendio nagusia eskabideak KZgunea zentroetan betetzea da.

Lotutako albisteak

Imagen
03.12.25
Langabeentzako lan-orientazioko programa abian da

Lau hilabete iraungo du, martxora arte, eta inskripzioak zabalik daude
Imagen
03.12.25
'Los perros' dantza ikuskizuna aurkeztuko Antzokian

‘Led Silhouette’ eta M. Morauren lana, ostiral honetan 20:30ean
Imagen
02.12.25
Ermua Antzokiak aurtengo lau estreinaldi eskainiko ditu

Aste honetan "Bugonia", "Los Tigres", "Die, my love" eta "Cuerpos locas" proiektatuko ditu.