Ermuko Udalak bat egingo du Haurren Eskubideen inguruko Hitzarmenarekin
Haurren Nazioarteko Eguna ospatzen da mundu osoan zehar astelehen honetan, azaroak 20. Egindako aurrerapenak gogoan izateko eguna da, baina baita egoera okerrean dauden haurren inguruan hitz egiteko, umeen eskubideen berri emateko eta egunero euren ongizatea eta garapena bultzatzeko lan egitearen garrantziaz kontzientziatzeko ere.
Ermuko Udalak Haurren Eskubideen Hitzarmenarekin bat egiteko borondatea erakutsi du. 1989ko azaroaren 20an sortutako nazioarteko hitzarmena da, eta 54 artikulutan zehar 18 urtetik beherako pertsona guztien eskubide ekonomikoak, sozialak, kulturalak, politikoak eta zibilak jasotzen dira. Azpimarratzekoa da, era berean, Haurren Nazioarteko Eguna hitzarmen honen sorrera oroitzeko ospatzen dela urtero azaroaren 20an.
Izan ere, egunero 15.000 neska-mutil hiltzen dira munduan aurreikusi eta eragotzi daitezkeen arrazoiengatik. Gure inguruan, gainera, pobrezia eta desberdintasun arriskua are nabarmenagoa izaten da haurren artean. Horri lotuta, biztanleriaren hazkundea beherantz doa azken urteetan, eta haurrek pairatzen duten indarkeriari dagozkion datuak oso kezkagarriak dira.
Haurrak oso garrantzitsuak dira, eta euren balio soziala etxeko ingurunetik haratago doa; euren familien ardura dira, baina baita gizarte osoarenak ere, eta umerik gabe ez dago etorkizunik. Lurraldearen antolaketako oinarrizko toki-erakunde legez, udalerriek duten eginkizuna oinarri-oinarrizkoa da haurren oraina eta geroa bermatzeko eta hurbileko inguruan haurren parte-hartzea ziurtatzeko. Hori horrela, Ermuko Udalak hitza eman du ahal diren ahalegin guztiak egingo dituela Haurren Eskubideen Hitzarmena bete dadila bermatzeko, gizarte justu eta berdintasunezkoagoa ahalbidetuko duten haur-politikak lantzea eta garatzea sustatuz. Gainera, haurren ahotsa aintzat hartuko du zuzenean nahiz zeharka dagozkien kontuetan.
Umeen parte-hartzea Udalaren egitekoetan
Ermuko Udalak duela hilabetetik herriko txikienekin lanean dihardu guztion artean hiri hezitzaile bat eraiki ahal izateko. Haurren Kontseilua du izena, eta Lehen Hezkuntzako dozena bat ikaslek osatzen duten alkatearen aholkularitza eta kontsulta organoa da. Taldea hilean behin batzen da Carlos Totorika alkatearekin, eta neska-mutilek euren ikuspuntua azaltzeko aukera dute herriaren inguruan, beste ikuspuntu batetik aholkularitza eskainiz Udalari.
Ekimenaren helburua herriko umeei parte-hartzeko aukera ematea da, hiria haurtzaroaren ikuspegitik landu eta eraldatu ahal izateko, hiritar guztiak kontuan izanda. Gazteen ahotsa entzun eta ezagutzeko modurik zuzen eta esanguratsuenetakoa da eta, batez ere, politikari eta arduradunek aniztasunetik edan eta ikaste-aberaste prozesuan murgiltzeko aukera paregabea.
Lotutako albisteak

Gai horiek jorratuko dira ekainaren 11 eta 12ko Ermua TalenTIC 2025 jardunaldietan, Izarra Centre-n

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek sentsibilizazio kanpaina hartuko dute datorren astean

Maiatzaren 15etik 25era egingo da euskararen erabilera aktibatzeko gizarte mugimendua