Ermuak bat egingo du Euskararen Nazioarteko Egunaren ospakizunekin

30.11.17
Euskara

Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen da igande honetan, abenduaren 3an, eta egun garrantzitsu honen harira ekimen ezberdinak izango ditugu gure herrian. Ermuan Bagara Ermuko Euskaltzaleen Sareak antolatu du programa, Ermuko Udalaren eta Ermuko Emakumeen Asanbladaren lankidetzarekin.

Ospakizunen programazioa 12:00etan hasiko da Orbe Kardinala plazan, herriko ikastetxe ezberdinek prestatu dituzten ekintzekin batera. Jarraian, 12:30ean, aurkezpena egingo da Euskararen Nazioarteko Eguneko mezua irakurriz.

13:00etatik aurrera, jaia herriko kaleetan barrena hedatuko da kantu poteo girotuaren eskutik, eta ostean, 14:30ean, parte-hartzaile guztiak Merkatu plazan bilduko dira bazkari autogestionatuarekin bat egiteko.

Azkenik, 17:00etatik aurrera, bertsoak eta antzerkia uztartzen dituen Erradikalak gara antzezlana aurkeztuko da Merkatu plazan bertan. Ane Labaka bertsolaria eta Beatriz Egizabal aktorea dira 70 minutuko ikuskizun honetako protagonistak, eta umoreaz baliatuz, ikus-entzuleei erradikalak direla erakusten saiatuko dira, baina “nahi eta behar luketena baino gutxiago”.

Ekitaldien programa

Kirolaren txanda

Herriko kirolzaleak zorioneko izango dira igande honetan, Miguel Ángel Blanco udal kiroldegian ekimen berezi batez gozatzeko aukera izango baitute. Izan ere, Selekzioaren deialdia dela eta ligan egingo den atsedena aprobetxatuz, Zuazo Barakaldo eta Bera Bera emakumezkoen eskubaloi taldeek gure herria hautatu dute lagunarteko partidua jokatzeko.

Igandean, abenduak 3, 12:00etan hasiko da norgehiagoka, eta Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, aurkezpen guztiak euskaraz egingo dira. Sarrera doakoa da, beraz, aukera aparta da estatuko maila gorenean lehiatzen diren bi talde geure herrian ikusi ahal izateko.

Lotutako albisteak

Imagen
13.05.25
‘Euskaraldia’ hastear, ostegunetik hasita hamar egunez

Maiatzaren 15etik 25era egingo da euskararen erabilera aktibatzeko gizarte mugimendua
Imagen
09.05.25
Debre Berhan herri Etiopiarreko ordezkariak Ermuan ditugu

Bi egunez bisitan etorri dira herria berroneratzeko eta hazkunde demografikoari buruzko esperientzia ezagutzera
Imagen
05.05.25
‘Oporretan Jolas’ ekintzetan izen ematea zabaltzear

Udalekuak ekainaren 23tik uztailaren 18ra bitarteko laur asteetan gauzatuko dira. Izen emateak zabalik maiatzaren 7tik