Aitor Hernándezek bigarren postua eskuratu du Arrasaten
Aitor Hernández txirrindulariak (Specialized-Ermua Impulso) bigarren postuan amaitu du igande honetan lehiatu den III. Arrasateko Hiria Txapelketa. Javier Ruiz de Larrinaga arabarra izan da Euskadiko ziklokross denboraldiko hamaikagarren lasterketako garailea.
Txirrindulari ermuarrak ezin izan du Ruiz de Larrinaga gainditu Arrasateko zirkuitu gogorrean. Lokatza izan da lasterketako protagonista nagusia, eta ibilbideko atal askotan bizikletan joan ezin eta oinez igaro behar izan dute bertatik txirrindulariek. Lehiaketaren erdira iristean, gutxi gorabehera, Ruiz de Larrinagak Hernándezengandik ihes egin eta minutu bateko aldearekin gurutzatu du amaierako lerroa.
“Larrinaga hobea izan da gaur, eta ezin izan diot jarraitu”, adierazi du irmo Aitor Hernándezek lasterketa amaitu ostean. “Garaipena lortzerik izan ez arren, aurrerapauso onak egiten ari naizela uste dut, bizikleta gaineko sentsazioak oso positiboak baitira. Zirkuitua oso ederra izan da lokatzez beteta, baina hotza dela eta arraro sentitu naiz eta ezin izan dut %100a eman uneoro. Ostiralean Ametzagan eta igandean Igorren ibilbide ikusgarriak izango ditugula espero dut, eta asteazkenean aukera berri eta garrantzitsua izango dut Manlleun. Hori dena dela eta, lasterketetan gustura sentitzen jarraitu nahi dut, eta garaipenak eskuratzeko lehian izatea”.
Sei garaipen eskuratu ditu jada txirrindulari ermuarrak denboraldi honetan. Hurrengo lasterketak honakoak izango dira: asteazkenean, abenduak 6, Manlleuko (Bartzelona) Joan Soler Saria; ostiralean, hilak 8, Zuian (Araba); eta igandean, aldiz, hilak 10, Igorren (Bizkaia).
Lotutako albisteak

Erkidegoko 50 udalerrien arteko lehiaketa birtuala maiatzaren 19tik ekainaren 8ra

Maiatzaren 6tik 27ra bitartean bost saio egingo dira herriko klubetako gazte, familia, entrenatzaile eta teknikariekin

Txapelketak izaera ludikoa izango du, ekainean jokatuko eta izen-emateak maiatzaren 20ra arte egin daitezke