Hiru lasterketatan hiru podium eskuratuta ospatu du zubia Aitor Hernandezek

11.12.17
Kirolak

Aitor Hernandez txirrindulariak (Specialized-Ermua Impulso) hiru podium eskuratu ditu zubi luze honetan zehar, Euskadin nahiz Katalunian lehiatu dituen hiru lasterketatan.

Asteazkenean, abenduak 6, Manlleuko (Bartzelona) C2 UCI mailako Joan Soler Sarian bigarren postua lortu zuen txirrindulari ermuarrak. Hernandezek ezin izan zuen Felipe Orts garaitu, eta honek lehen postuan amaitu zuen proba azkar, tekniko eta bizia 44 segundoko abantailarekin. Ermuarrak ibilbidea bakarrik osatu zuen ia lasterketa osoan zehar, bigarren lekuan amaitzea lortu zuen arte.

Probaren amaieran azaldu zuen moduan, Manlleun lehiatzea oso desberdina izan zen Hernandezentzat, ez baitzegoen lokatzarik: “Astinduak ondo jasan ditudala uste dut, nahiz eta aurreko asteetako ibilbideen aldean oso desberdina izan den oraingoa. Hori horrela, Manlleukoa bezalako zirkuituetan ongi aritzea eta sentitzea berme handia da niretzat”.

Bestalde, ostiralean, abenduak 8, Hernandezek hirugarren amaitu zuen Zuiako (Araba) XIII. San Andres Saria, Javier Ruiz de Larrinagaren eta Wietse Bosmans belgikarraren atzetik. Baldintza meteorologikoak lasterketako protagonista izan ziren, ibilbidean zehar metatutako elur kantitate handia dela eta, zoru oso gogorra aurkitu baitzuten txirrindulariek.

“Ez da egun erraza izan”, azaldu zuen Hernandezek proba amaitzean, “zirkuitua oso astuna eta gogorra izateaz gain, niri asko eragiten baitit hotzak. Hori horrela, ezin izan dut nahi bezain gustura eta eroso lehiatu”.

Lehiaketen astea amaitzeko, Hernandezek podiumeko bigarren postua zapaldu du Igorreko XLI. Ziklokrossean (C2 UCI) igande honetan, Bosmans belgikarraren ostean. Aurreikusita zegoen moduan, eguraldiaren ondorioz lokatza ugariko lasterketa izan zen ibilbide osoan zehar. Lehenengo itzulietatik argi ikusi zen Wietse Bosmansen nagusitasuna, eta bien bitartean, Aitor Hernandez, Javier Ruiz de Larrinaga eta Ismael Esteban bigarren postuaren lehian aritu ziren. Lasterketaren lan erdiak egin ostean, txirrindulari ermuarrak tartea zabaldu zuen beste lehiakideekiko, eta bakarrik iritsi zen helmugara, bigarren postua eskuratuz.

“’Katedralak’ ez dio inori huts egin, eta lasterketa ederra izan da. Hainbeste lokatzekin eta ikusle ugariri esker, ibilbidea ikusgarria izan da, eta oso gustura nago egindako lanarekin, bizikleta mugitze hutsa ere zaila izan baita hemen. Honekin UCI lasterketetan beste podium bat gehitu dut, eta une on batean nagoen konfiantza bermatu dut, edozein motatako zirkuituetan garaipena eskuratzeko lehian parte hartzeko prest. Hiru lasterketatan hiru podium eskuratuta itxi dut astea, beraz, azterketa oso positiboa da”, azaldu zuen Hernandezek Igorreko lasterketaren ostean.

Lotutako albisteak

Imagen
09.05.25
‘Mugiment Pausu Erronka!’ hastear

Erkidegoko 50 udalerrien arteko lehiaketa birtuala maiatzaren 19tik ekainaren 8ra
Imagen
06.05.25
Kirolari gazteen artean adikzioak prebenitzeko formakuntza saioak

Maiatzaren 6tik 27ra bitartean bost saio egingo dira herriko klubetako gazte, familia, entrenatzaile eta teknikariekin
Imagen
05.05.25
2007tik 2012ra jaiotako gazteentzako doako areto-futboleko txapelketa

Txapelketak izaera ludikoa izango du, ekainean jokatuko eta izen-emateak maiatzaren 20ra arte egin daitezke