‘Ermuko erretratuak: bizitzako eta harrerako istorioak’ erakusketa ikusgai Merkatu plazan

18.12.17
Immigrazioa eta nazioarteko lankidetza

Migratzailearen Nazioarteko Eguna ospatzen da astelehen honetan, abenduak 18, eta horren harira, Ermuko erretratuak: bizitzako eta harrerako istorioak argazki erakusketa irekiko da gaur arratsaldean. Bertan, komunitateak eratzeko behar diren indarra, balorea, errespetua eta elkar ezagutza ikusgai izango dira, Ermuak duen kultur aniztasuna goraipatuz.

PressPlay! proiektuaren barnean, Ermuko 67 bizilagunek parte hartu dute ekimen honetan, argazki erakusketa honetarako euren irudia eta ahotsa jarriz, eta Merkatu plazan ikusi ahalko da emaitza. Proiektu honen helburua gure komunitateko parte diren baina euren historia ezagutzen ez dugun pertsonen aurpegiei ikusgarritasuna ematea da; inprobisatutako kaleko galeria honetako protagonista izango dira, eta migrazioari, harrerari, elkarbizitzari eta elkartasunari aurpegia jarriko diote.

Erakusketa astelehen honetan inauguratuko da 18:00etan, eta hilabetez egongo da ikusgai Merkatu plazan. Geroago, PressPlay! ekimenaren webgunean gure bizilagunen istorioak biltzen dituzten audioak eta bideoak eskegiko dira, eta erretratuekin, aldiz, postalen tirada mugatu bat argitaratuko da. Horrela, postalen atzeko aldean protagonistaren esaldirik nabarmenena agertuko da, eta QR kode baten bitartez euren bizitzako atalik garrantzitsuenetara jo ahalko da. Horri esker, istorioek bidaiatu egingo dute, hedatu egingo dira eta bidalketa bakoitzarekin berriro kontatuko dira.

Erakusketa Inside Out Project nazioarteko ekimenaren barnean kokatzen da; plataforma horren helburua pertsonek euren istorioak kontatu eta hori kaleko arte bilakatzea da. 129 herrialdetako 260.000 pertsona baino gehiagok parte hartu dute jada Inside Out Projecten taldeko ekintzetan.

Migratzailearen Nazioarteko Eguna

Pertsona askok uste dutenaren aurka, migratzaileek paper garrantzitsua jokatzen dute nazioarteko ekonomian. Izan ere, ikerketek erakusten dutenez, migratzaileek garapena eta berrikuntza ekartzen dute bai euren jatorrizko herrialdeetara, baina helburu duten herrialdera ere. Estatu Batuetan, esaterako, migratzaileek Google, Intel, WhatsApp, PayPal, eBay, Tesla eta Yahoo! bezalako enpresak sortu edo sorreran parte hartu dute. Biztanleriaren %15 baino gutxiago diren arren, Silicon Valleyn eratzen diren enpresetako langileen erdia dira, eta patenteen erdiak ere eurenak dira.

Mendebaldeko herrialde gehienak denbora bonba demografikoak dira, eta herritarren zahartzea eta jaiotze-tasa baxuak direla eta, migratzaileen beharra dute hazkunde ekonomikoa bultzatzeko eta mantentzeko. Hori horrela, migrazio segurua eta ordenatua babestea nazio garatuen interesen onurarako da.

“Migrazioa beti egon da gure artean. Aldaketa klimatikoa, demografia, ezegonkortasuna, gero eta handiagoak diren desberdintasunak eta bizi hobea bilatzeak adierazten dute gerora ere izango dela migrazioa. Migrazioa egoki kudeatzeko erantzuna nazioarteko lankidetza eraginkorra da, onurak modu berdintsuan partekatzea eta guztion giza eskubideak behar bezala babestea bermatzeko”, azaldu du Antonio Gutierres Nazio Batuen Erakundeko Idazkari Orokorrak.

Folleto informativo

Lotutako albisteak

Imagen
Salek Baba Saharako Osasun ministroaren bisita
11.04.25
Ermuak saharar herriarekin duen konpromisoa berretsi du Salek Baba SEADeko Osasun ministroaren bisitarekin

Saharar segizioak Udal Osoko Bilkuren Aretoa eta Edaal harrera-etxea bisitatu ditu
Imagen
02.04.25
Debabarrenaren eskuzabaltasunagatik esker ona agertu du ‘Zaporeak’ GKEak

12 tona elikagai eta hamar mila euro bildu dituzte aurtengo erronkan
Imagen
La imagen muestra una parte del cartel
24.03.25
Zaporeak elkartearen VII. erronkari hasiera emango zaio gaur

Elikagaiak martxoaren 24tik 28ra bitartean jasoko dira, Ermuan arroz luzea. Errazioen tupper solidarioa eta zozketa larunbatean, hilak 29, Ermuan