Aitor Hernandezek bi garaipenekin ospatu ditu Gabonak Asturiasen

26.12.17
Kirolak

Aitor Hernandez txirrindulariak (Specialized-Ermua Impulso) bi garaipen eskuratu ditu Asturiasen lehiatutako bi lasterketatan Gabonetako asteburu honetan.

Larunbat arratsaldean, abenduak 23, Oviedoko Hiria II. Criteriumeko irabazle izan zen, lehenengo itzulian gurpil bat zulatu zitzaion arren. Ezbeharraren ondorioz lasterketaren hasieran atzera gelditu zen, eta gero, gainera, oztopoetako batean erorikoa izan zuen. Dena dela, txirrindulari ermuarra Kevin Suarezek (bigarren sailkatua amaieran) ateratako tartea gainditzeko gai izan zen, aurrea hartu eta lasterketa amaierara arte erritmo gogor batean bera bakarrik joateko.

Garaipena lortu ostean, lasterketa “oso polita” izan zela adierazi zuen Hernandezek: “Kevin oso maila altuan aritu da, beraz oso gustura nago haren aurretik amaitzeko gai izan naizelako, konfiantza asko ematen baitit. Garaipen bakoitza garrantzitsua eta baliotsua da. Maila onean jarraitzen dudala uste dut, eta egunetik egunera bizikleta gainean hobeto sentitzen naiz; are gehiago honelako zirkuitu batean, uste baino lokatza gehiagorekin eta sektore gogorrekin baitzegoen. Esfortzu handiagoa egin behar izan dut, gainera, zulatuarekin eta lasterketa hasierako erorikoarekin”.

Hurrengo goizean, abenduaren 24ko igandean, Hernandezek podiumeko goreneko tokia eskuratu zuen beste behin Villa de Gijon Sariaren IX. Edizioan, 2017-2018 denboraldiko zortzigarren garaipena eskuratuz.

Ermuarra hasieratik amaierara nagusi izan zen Asturiasko lasterketa gogorrean, eta bakarrik iritsi zen amaierara erritmo gogorrean. Haren atzetik iritsi zen Alejandro Iglesias, bigarren sailkatua.

“Lasterketa gogorra izan da, zirkuitua polita, lokaztua eta irristakorra baitzen, eta gainera hemen eskuratu nuen Espainiako Txapelketa dela eta, oroitzapen onak ekarri dizkit. Oso positiboa da denboraldiko zortzigarren garaipena lortu izana, eta datorren asteetan maila berean mantentzea espero dut, denboraldiko atalik garrantzitsuena iristear baita. Lasterketaz lasterketa joan behar da, eta orain Euskadiko Txapelketara begira atseden hartzeko unea da, abenduaren 30era arte”, azaldu zuen Hernandezek proba amaitzean.

Lotutako albisteak

Imagen
Espacio termolúdico y de spa en la piscina del polideportivo de Ermua
10.02.26
Mantentze lanak egingo igerileku txikian, span, lurrun-bainuan eta saunan

Igande arratsetik asteazkenera bitartean zerbitzuz kanpo egongo eta ezin izango dira erabili
Imagen
03.02.26
‘Minbiziaren Kontrako Mundu Egunean' arreta gizatiarragoa eta integralagoa aldarrikatuko

Herriko bolondresak informazio mahaia, Ermua KEko taldeetan besokoa eta argiztapen berde berezia Antzokian eta udaletxean
Imagen
05.12.25
Aurten sarituak izango diren kirolari eta kluben zerrenda ezagutu nahi?

Herriko elkarteen artean bozketa bidez hautatutakoak Kirolaren I. Galan omenduak izango dira