Normaltasuna nagusi saihesbidea ireki den lehen egunean, 634an eta trafikoan gorabeherak izan arren
Alkateak lasaitasuna,eta beste sei hilabetez ahalegina eta pazientzia eskatu ditu
Ermuko saihesbidearen lehenengo fasea zabalik dago gaurko asteazken honen goizeko 6etatik. Azpiegituraren zerbitzuko lehen eguna da Areitioko biribilgunearentzat, Uretamendiko tunelentzat eta ordainsari berriaren gunearentzat. Estreinako jardunaldia izan dugu gidari askok, udalerritik irten edo honetara sartzeko aukera gehiago dugun egunean. Sarbide eta irtenbide bi izango baititugu aukera igande gauera artean, Sallabenten dugun betidanikoa eta Ureta mendia zeharkatuz gero aurkituko dugun berria. Lehen balorazioa ezinbestean positiboa da; alkatearen gaurkoan adierazitako hitzetan “pozgarria, aspaldidanik desio eta eskatu dugun azpiegitura irekitzen delako”. Nolanahi ere, Carlos Totorikak “beste sei edo zazpi hilabetetan pazientzia edukitzeko eskatu du saihesbidearen proiektua ez delako osorik amaitu, bigarren fasea falta baita”, zeina uda amaierarako prest izatea aurreikusita dagoen. Proiektua amaitu eta epe ertainean “saihesbidea herrikoen bizi kalitatea eta bertako ekonomia hobetzeko” balioko duela uste du agintariak. Ivoox kanalean uzten dizuegu politikariaren gaurko hitzak mp3 formatuko soinu artxiboan.
Gaurko eguneko ezaugarri nagusia normaltasuna izan da, 634 errepide nazionala zeharkatzen duen ohiko trafikoari eragin dioten hainbat gertaera izan baditugu ere. Goizaldeko lehen orduetan eta egunsentiaren aurretik bi istripu gertatu dira, bata bestearen jarraian eta elkarrengandik oso hurbil. Horrek, trafikoarengan eragin nabaria izan du eta auto-ilarak eragin ditu goizean goiz inguruko herrietara edo eskualdeetara lanera joaten ohi diren ermuarren artean eta, gurera bertara lanera edo herria lanpostura iristeko zeharkatzen duten pertsonen artean. Esan bezala, auto-ilarak eta erretentzioak izan dira, askoren pazientzia probatuz. Goizekoaz gain, eguerdian ere bigarren gora-behera bat izan dugu, garraio berezi eta erraldoi batek herria zeharkatu baitu, obrak edo pasabide estuak dugun tokietan zailtasun franko eraginez. Autoen zirkulazioa eta trafikoa kaltetuta suertatu dira beste behin.
Gaurkoan izandako gertaeren kronologia eta datuak
- Goizeko 7:21ean, Gipuzkoa Etorbideko 80an eta Eibar-Donosti norabidean zihoazen auto bik talka egin dutela jakinarazten zuen deia jaso dute Udaltzainek. Gidarietako bat zaurituta suertatu da eta anbulantziak Mendaroko ospitalera eraman du.
- Goizeko 7.40etan, Sallabenten A8 autobideko bidesari pasa eta irteeran kamioi batek auto bat kolpatu du 634 errepidera ateratzeko biratzen zegoenean. Txapa kolpea izan bada ere, eragina izan du. Ez da zauriturik izan. Istripu bietan Ertzaintzako agenteak aritu dira, eta diligentzien kargu egin direlarik.
- Azkenik, eguerdian zama berezi eta handia zeraman kamioiak 634 errepidetik Ermua zeharkatu du oso astiro eta zailtasunez. Kamioi hori pasa artean, berriz ere auto-ilarak eta auto pilaketak izan ditugu semaforoz erregulatutako Bizkaia Etorbidea, Zearkale, VI. Mendeurrena edo Zubiaurre kaleetatik bat egin edo irteteko bide gurutzeetan denboragatik eragozpenak izan direlako.
Lotutako albisteak

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude

Egitaraua hasita dago eta jarduera gehienak datorren asteburuan izango dira

Hamar taldek parte hartu eta joko dute maiatzaren 10ean, Orbe Kardinalaren eta Martxoak 8 plazetan eta kalean