Zabalik dago aurtengo Martxoaren 8ko kartel lehiaketa
Martxoaren 8an ospatzen da Emakumeen Nazioarteko Eguna, eta Ermuko Berdintasun Sailak eta Emakumearen Kontseiluak egun horren egitaraua eta aldarrikapena iragarriko duen kartela hautatzeko lehiaketa antolatu dute beste urte batez. Deialdi honen helburua feminismoaren borroka eta emakumeen partaidetza soziopolitikoaren ikuspuntutik, berdintasunaren ideia islatzen duen diseinu bat aukeratzea da. Lanak Abiapuntun aurkeztu beharko dira, lan egunetan, 8etatik 15etara, Konbentukoa kaleko bulegora ere bidali daitezke posta bidez. Proposamenak jasotzeko epea otsailaren 8ko, osteguneko, 15:00etan itxiko da. Lehiaketako irabazleak 600 eurotako diru-saria jasoko du.
Adinez nagusi diren pertsona guztiei zabalik dago lehiaketa, bai banaka, baita taldeka ere. Partaide bakoitzak gehienez hiru lan aurkeztu ahalko ditu, originalak, inon argitaratu gabeak eta beste inongo lehiaketatan sarituak izan ez direnak. Kartela osatzeko erabilitako kolorea eta teknika aukerakoak izango dira, eta derrigorrez “8 de Marzo-Día Internacional de las Mujeres 2018ko Martxoak 8-Emakumeen Nazioarteko Eguna” esaldia agertu beharko da bertan. Gainera, testu gehiago sartu nahi izanez gero, euskaraz nahiz gaztelaniaz egin beharko da. Lanaren neurriak ondokoak izango dira: gutxienekoa 45x30 zentimetro, eta gehienezkoa 65x40, eta luma-kartoi gainean eta kristalik gabe aurkeztuko dira. Gainera, CD edo antzerako euskarri batean lanaren argazki edo irudia aurkeztu beharko da. Lehiaketan ez dira onartuko euskarri informatikoan soilik aurkezten diren lanak, lanaren kopia fisikoa ere eskatzen baita. Lanak aurkeztearen inguruko xehetasun guztiak honako estekan topatu daitezke.
600 euroko saria lehiaketaren irabazlearentzat
Proposamenak behar bezala estalita eta babestuta aurkeztu beharko dira, eta azalean “Martxoaren 8ko kartel lehiaketa. 2018” leloa idatzita eduki beharko dute. Egilearen datuak (izen-abizenak, adina, helbidea, telefonoa, eta egilearen curriculum laburra) lanekin batera aurkeztuko dira, baina gutunazal itxi batean, NANaren fotokopiarekin eta, nahi izanez gero, lanaren inguruko azalpen labur batekin batera.
Epaimahaikideak artearen munduko profesionalak eta Emakumearen Udal Kontseiluko ordezkariak izango dira, eta Beatriz Gamiz Berdintasun Saileko zinegotzia izango da mahaiburua. Epaimahaiak otsailaren 12an aukeratuko du garailea, eta hurrengo egunean emango zaio horren berri. Irabazleak 600 euroko dirusaria eta diploma bat jasoko ditu, eta Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta egingo diren egitarau eta karteletan agertuko da bere lana.
Bestalde, lehiaketara aurkezten diren lan guztiak Emakumeen Topalekuan izango dira ikusgai martxoan zehar. Egileek saritu gabeko lanak jaso ahal izango dituzte hilabeteren buruan apirilaren 4tik aurrera. Epe horretan lanak jaso ezean, egileek jabetzari eta lana berreskuratzeari uko egiten diotela suposatuko da eta, gerora, ez da inolako erreklamaziorik onartuko.
Lehiaketan parte hartzeak oinarriak eta epaimahaiaren azken erabakia onartzea dakar. Informazio gehiago behar izanez gero, Ermuko Emakumeen Topalekuarekin harremanetan jarri daiteke Izelaieta 12ko egoitzan, eta 943 17 10 30 telefonoan.
Lotutako albisteak

Udaleko Berdintasun Sailak Santixauen diagnostikoa egiteko inkesta jarri du abian maiatzaren 17a arte

Zerbitzu gehienak itxita egongo dira datozen jai-egunak tarteko

Ostiraleko 18:00etan, Lobiano Kulturgunean Zehar Errefuxiatuekin elkartearen "Entretejidas" proiektuaren baitan