Programa argitaratu izanak, Ihauteriak ate joka ditugunaren seinale
Inauteri jaiak gero eta hurbilago ditugu. Bi astetan, jaietan bete-betean murgildurik izango gara. Ermuko Ihauteriak iragarriko dituen kartela ezagutu genuen aurreko astean, eta gaur jada eskuartean dugu aurtengo egitaraua. Izan ere, egun gero eta gutxiago geratzen zaizkigu mozorroa prestatzeko, bi aste eskas baitira falta urteko festarik lotsagabe eta koloretsuenei hasiera emateko.
Ohikoa den bezala, oilarraren jokoarekin hasiko dira festak Eguen zurin, datorren otsailaren 8an, osteguna. 15:30ean ekingo zaio lehiaketari Orbe Kardinala plazan, eta jarraian, Xaibor DJak haurrentzat diskofesta eskainiko du.
Ostiralean Hartza eguna ospatuko da, eta 18:30etatik aurrera, plazatik abiatuta, kalejira alaiak herriko bazter guztiak dantzan jarriko ditu.
Larunbata jai egun handia izango da, eta 12:30etik aurrera, Irulitxa txarangak kalejira egingo du. Arratsaldean, etxeko txikiek txokolatadaz eta erromeriaz gozatzeko aukera izango dute plazan. 19:00etan, Irulitxa txarangak animatuko ditu kaleak beste behin, haurren mozorro lehiaketa hasi aurretik. Egunari amaiera borobila emateko, musika izango da ardatz. Hamar eta erdietan, Bombai taldeak kontzertua emango du. Eta ''40 Principales'' musika irratiak ekarriko digun ''DJ festa'' izango dugu herriko plazan 23:00etatik aurrera, iaz egin bezala.
Azken jai egunean, otsailaren 13an, haurrentzako diskoteka izango da 16:00etatik aurrera, eta “Asmakizun asmatzaileak” kaleko ikuskizunak eta Ustekabe txarangaren kalejirak emango diote jarraipena. Aurtengo ihauteriak agurtzeko, Oihan Vega DJarekin festa ospatuko da 23:00etan hasita.
Ekitaldi guztiak Orbe Kardinala plazan izango dira, edo Aritzmendi frontoian, eguraldiak laguntzen ez badu. Aurtengo programak darama portadan, kartel lehiaketako irabazlea, eta jarraian ikusi dezakezue osorik.
Lotutako albisteak

Bi aste jardueraz lepo! Izen emateak maiatzaren 21eatik ekainaren 4ra, biak barne

Maialen Calderonek eta Marta Fernandezek irekiko dituzte jaiak eta kartela egile katalan batena da

Antzokian, ostiralean, 20:30ean. Sarrera 8 euro balio du