A3916 autobus lineak Ermuko geraleku guztiak gaituko ditu bi noranzkoetan
Bizkaibus garraio publikorako zerbitzuak jakinarazi duenez, erabiltzaileek beharrezkoak ez diren ibilbideak egin ez ditzaten, A3916 autobus lineak (Bilbo, Ermua eta Ondarroa lotzen dituena) gure herrian dituen geraleku guztiak gaituko ditu, bi noranzkoetan autobusera igo eta jaitsi ahal izateko.
Neurri hau gaurtik aurrera, urtarrilak 24, asteazkena, izango da indarrean, konpainiak bere Twitterreko profil ofizialaren bitartez iragarri duenez.
Orain arte, A3916 lineara igotzeko, autobusaren noranzkoaren araberako geltokietara joan behar zuten erabiltzaileek, baina gaurtik aurrera, geraleku guztiak gaituta izango dira, noranzkoa edozein dela ere.
Ibilbideen aldaketa
Pasatu den urtarrilaren 15ean Sallabenteko ordainlekua itxi eta Uretamendiko gune berria zabaltzearekin batera, Bizkaibusek Ermutik igarotzen diren A3916 eta A3926 lineen ibilbideak aldatu zituen.
Hori horrela, Bilbo, Ermua eta Ondarroa lotzen dituen lineak geraleku berdinak mantendu ditu bi noranzkoetan, baina ibilbidea aldatu egin da. Izan ere, autopistara sartzeko Uretamendira igo behar denez, autobusak herriari itzulia ematen dio eta bidaiaren iraupena luzeagoa da.
Bestalde, Ermutik igaroz Bilbo eta Eibar lotzen dituen lineak ibilbidea aldatu egin du, eta bidaiariak hartu edo lagatzeko geralekuen zentzua ere aldatu egin da; beraz, goranzko bidekoak beheranzkoak dira, eta alderantziz. Izan ere, orain autobusak lerro zuzenean igarotzen du Ermua, Kaltxangon buelta eman beharrik gabe, eta bidaiaren iraupena laburragoa da.
Aldaketa horiek mantendu egingo dira saihesbidearen bigarren fasea abian jarri eta Uretamendiko ordainlekua Eibarko saihesbidearekin lotu arte.
Lotutako albisteak

Gai horiek jorratuko dira ekainaren 11 eta 12ko Ermua TalenTIC 2025 jardunaldietan, Izarra Centre-n

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek sentsibilizazio kanpaina hartuko dute datorren astean

Asteazkenean, hilaren 21ean, 19:00etan, izango da Lobiano Kulturgunean