Laburbiraren 15. edizioa ostegun honetan iritsiko da Ermura
Laburbira euskarazko laburmetraien zirkuitu ibiltariak hamabosgarren edizioa ospatuko du aurten, eta zortzi lanek osatutako programazioa aurkeztu du. Guztira 29 herrik jasoko dute Laburbiraren bisita, Ermua tarteko. Gurean, ostegun honetan, martxoak 1, izango dugu euskarazko laburmetraiez gozatzeko aukera. 20:30ean hasiko da saioa, ohiko zineklub saioaren ordutegi berdinean, Ermua Antzokian.
Ekimena Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen du, eta Ermuko saioa Euskal Birusa elkarteak kudeatzen du. Zirkuitu ibiltari honen helburua bikoitza da: batetik, euskarazko sortzaileen kalitatezko lana ezagutaraztea, ekoizten jarraitu dezaten aukera emanez; eta bestetik, ikusleei geurean sortutako zinearen mokaduez gozaraztea.
Laburbira zirkuitua asteazken honetan jarriko da martxan, otsailaren 28an, alegia, Bergaran, eta martxoaren 27an amaituko da Arrasaten, Ordizia, Azpeitia, Sestao, Basauri, Irun eta Biasteri bezalako herrietatik igaro ostean. Gainera, gure mugetatik haratago ere iritsiko da bira, eta Valentzian, Londresen eta Parisen ere ikusgai izango dira euskarazko laburmetraiak.
Guztira zortzi lanek osatzen dute XV. edizio honetako programa, eta ordu eta laurdeneko iraupena izango dute saioak. Honako laburmetraiak izango dira ikusgai:
- Ilunpetan (Koldo Carranza)
- Night Shift (Izaskun Arandia)
- Higadurak (Oihane Zunzunegi eta Amaia Otaola)
- Ejecutor (Javi Arriaga)
- Tazan (UDA films)
- Areka (Atxur animazio taldea)
- Kreba (Oier Fuentes)
- Zulo (Erika Olaizola eta Amancay Gaztañaga)
Birako zortzi lanak ikusteaz gain, Ermuan Erika Olaizola Zulo laburmetraiaren zuzendari eta aktorearekin hitz egiteko aukera izango dugu.
Bestalde, Laburbiraren emisioan parte hartzen duten pertsona guztiek zozketa batean sartzeko aukera izango dute, landetxe batean bi pertsonentzako bi gau lortuz. Horretarako, saioaren ostean, Kameratoia webgunean galdetegi bat bete beharko da.
Lotutako albisteak

Bi aste jardueraz lepo! Izen emateak maiatzaren 21eatik ekainaren 4ra, biak barne

Maialen Calderonek eta Marta Fernandezek irekiko dituzte jaiak eta kartela egile katalan batena da

Antzokian, ostiralean, 20:30ean. Sarrera 8 euro balio du