Festaz eta aldarrikapenez betetako larunbata Ermuko kaleetan
Martxoko bigarren asteburu hau gustu eta adin guztietarako ekitaldiz blai dator gure herrira. Martxoaren 8ko programak, Emakumeen Nazioarteko Egunekoak, alegia, berdintasunaren aldeko aldarrikapenekin jarraitzeko ekimenak aurkezten dizkigu, atzo egun osoan zehar izandako jarduera ezberdinen arrakastaren ostean.
Hori horrela, larunbat honetan, martxoak 10, 20 bat emakumek osatzen duten Bilboko La Kora abesbatza feministaren emanaldia izango dugu. Ekitaldia 12:30ean hasiko da Martxoak 8 plazan, eta Ermuko kaleetan barrena jarraipena izango du perkusiodun andrabanda feministen kalejirarekin.
Zineak ere bat egin du aste honetan martxoaren 8ko ospakizunekin, eta emakumea protagonista duen pelikula bat izango dugu ikusgai: Yo, Tonya, Craig Gillespiek zuzendua eta Margot Robbie eta Allison Janney aktoreak buru dituena; azken horrek, gainera, errepartoko aktore onenaren Oscar saria jaso berri du. Zintak Tonya Harding kirolari amerikarraren bizitza kontatzen du, patinatzaile arrakastatsua izan arren, bizitza errealean zoriontasun handirik izan ez zuena. Kritikak ondo hartu du lan hau eta distiratsu, ernagarri eta dibertigarri gisa definitu du. Yo, Tonya larunbatean 22:00etan eta igandean 19:30ean ikusi ahal izango dugu.
Sagardo Egunaren bosgarren edizioa
Bestalde, Ermuko Gazte Asanbladak Sagardo Egunaren bosgarren edizioa antolatu du larunbat honetarako. Ekimenak herriko ostalaritza establezimenduen eta Euskadi osoko sagardotegien babesa jaso du.
Festa 12:30ean hasiko da Orbe Kardinala plazan, sagardotegi gunea zabaltzearekin batera. 14:30ak arte egongo da irekita, eta 19:00etan berriro zabalduko da, sagardoa amaitu arte.
Tartean, gainera, 13:30etik 14:30era, Mintzotx jarduera burutuko da, euskara praktikatzeko tartea eskainiko duen poteo animatua. Gauez, aldiz, 22:00etatik aurrera Mugi Panderoa erromeriarekin dantza egiteko aukera izango dugu.
Gogorarazten dizuegu herriko ostalaritza establezimenduek ordutegia luzatu eta beranduago itxi ahal izateko baimena eman duela Ermuko Udalak Sagardo Egunerako. Hori horrela, udalerriko jatetxeek, kafetegiek eta tabernek itxierako ohiko ordutegia luzatu eta beste bi orduz zabaltzeko baimena dute.
Lotutako albisteak

Bi aste jardueraz lepo! Izen emateak maiatzaren 21eatik ekainaren 4ra, biak barne

Maialen Calderonek eta Marta Fernandezek irekiko dituzte jaiak eta kartela egile katalan batena da

Antzokian, ostiralean, 20:30ean. Sarrera 8 euro balio du