Gizarte Zerbitzuak, Larrialdiko Laguntzen inguruko informazio saioekin pozik
Gizarte Larrialdiko Laguntzak eskatzeko epea martxoaren 26an, astelehena, zabalduko da
Ermuko Udaleko Pertsonen Alorreko teknikariek bi informazio saio eskaini dituzte aste honetan (martxoaren 21ean eta 22an, asteazkena eta osteguna, hurrenez hurren), Gizarte Larrialdiko Laguntza (GLL) giza ezagutzen diren laguntza ekonomikoen inguruan mintzatzeko.
Ildo horretan egiten den lehenengo ekimena da, 80. hamarkadan Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren prestazio hori abian jarri zenetik. Gizarte Zerbitzuek komunitatearekin duten harremanean txertatu nahi duten hobekuntzetako bat dira informazio saioak. Izan ere, informazioa eta gardentasuna dira herritarren artean Ermuan kudeatzen diren gizarte laguntzak ezagutzera emateko modurik onena.
Ekimena antolatu duten profesionalek saioetara jende gutxi gerturatu dela adierazi duten arren, herritarrekin eta herritarrentzat jarduera berriak prestatzeko abiapuntu izan daiteke esperientzia hori. Horrela, gure herriko lehen mailako arreta zerbitzuen eta prestazioen eskaintza osoa ezagutzera eman daiteke, eta gainera oso sentsazio onak utzi ditu taldean.
Udal langileek azaldu nahi duten informazioa ez dago soilik ekonomia arloari lotuta; nagusiki familien autodeterminazioa eta autonomia funtzionala erraztera bideratutako zerbitzuen eskaintza azaldu nahi da. Hori guztia, Euskadiko Gizarte Zerbitzuen Legeari eta Zerbitzuen Zorroaren Euskal Dekretuari erantzun egokia ematen dioten gizarte zerbitzu moderno eta berritzaileen testuinguruan. Aipatutako dekretuak udalerriek nahiz Foru Aldundiak lurraldeko biztanleen eskura jarri behar dituzten zerbitzuak zehazten ditu.
Aurrerantzean ere herritarrei zuzendutako bestelako informazio deialdien berri ematen jarraituko dugu.
Bien bitartean, gogorarazi nahi dizuegu Gizarte Larrialdiko Laguntzetarako eskaerak aurkezteko deialdia datorren astelehenean, martxoak 26, zabalduko dela. GLLei buruzko informazio guztia hemen kontsultatu daiteke.
Lotutako albisteak

Gai horiek jorratuko dira ekainaren 11 eta 12ko Ermua TalenTIC 2025 jardunaldietan, Izarra Centre-n

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek sentsibilizazio kanpaina hartuko dute datorren astean

Asteazkenean, hilaren 21ean, 19:00etan, izango da Lobiano Kulturgunean