Hungaria 2018ko Mundu Txapelketarako sailkatu dira eskubaloiko juniorrak
Hiru ermuarrek txapelketa horretan parte hartuko dute aurtengo udan
Ermuarron kutsu eta ukitua duen estatuko emakume juniorren eskubaloi taldeak aurtengo udan Hungarian jokatuko den Mundu Txapelketarako txartela eskuratu zuen bart Leiria (Portugal) herrian. Taldearen entrenatzaile da Imanol Alvarez Arruti eta kide Mirene Moreno Fernandez eta Anne Erauskin Martinez jokalariak; hirurak ermuarrak eta Ermuko Errotabarri Eskubaloiko kideak. Senior gazteak matematikoki eta merezimenduz mundu txapelketarako sailkatu dira, atzokoan Austriako taldeari ezbairik gabe gailenduz, amaieran markagailua 37 eta 26 gol adierazten baitzituen. Asteburuan lorturiko emaitzek mundu txapelketarako Espainiaren sailkapena eta 1ngo taldeko lehen postua ziurtatzen diete.
Taldea martxoaren 18ko igandetik kontzentratua egon da Badajozeko Alburquerque herrian. Bertan sailkapen partidak prestatzeko gogotik entrenatu dira goiz eta arratseko saioetan, herriko udal agintariek harrera egin izan diotelarik. Ostegunean Portugaleko Leiria herrira bidaiatu zuten, ostiralean txapelketari ekiteko. Martxoren 23an, etxekoekin jokatu zuten nor baino nor. Portugal Espainiari (28-25) nagusitu zitzaion, bertakoek ondo jokatu eta gero, espainiarrak neutralizatu eta ezinean utziz. Partida hori galtzeak zalantzak sortu eta tentsioa areagotu zuen. Ez zen margen gehiagorik, gainerako biak irabazi edo irabaztea.
Larunbat arratsean Alvarezen taldea, bigarren partida jokatzeko kantxara mentalizatuta eta moralez beteta atera zen. Hiru ordu laurden luzean joko dotorea erakutsi zuten, partidan aise nagusituz. Espainiak Bulgaria gainditu zuen (34-13), mamu guztiak usatuz.
Atzoko igandean, tentsioa nabaritzen zen. Baita kontzentrazioa ere, irabazi ezik, sailkapenari agur esango baitzitzaion. Taldeak onena eman zuen, beraiengan sinetsiz txirrina jo bitartean. Espainiak Austriari (37-26) irabazi zion Leiriako Juve Lis kirol zentroan, 2018ko Mundu Txapelketarako sailkapen fasearen hirugarren eta azken egunean. Helburua lortu egin zen, beste behin. Hortaz, etxera bueltatzeko bidaiari ekin eta kideek liga erregularra amaitu artean lanean jarraitu beharko dute, bakoitza bere taldean. Atsedenik gabe, lan egin udal munduko txapelketa jokatu ahal izateko, non juniorrek emaitzarik onena lortzeko asmoa duten.
Kide ermuarrek beren ekarpena egin eta aletxoa utzi dute sailkapenean. Imanolek taldea entrenatu eta teknikoki gidatuaz, aldiz, Anne eta Mirene jokalariek golak sartuaz, hiruna bakoitzak. Deialdiaren, parte-hartzearen, markagailuen eta emaitzen zehetasun guztiak Espainiako Eskubaloi Federazioaren webgunean dituzue.
Azpian familia ermuarrek pasatako argazki sorta uzten dizuegu, non Portugalen jokatutako sailkapen faseko partidetan hartutakoak dituzuen. Argazkiak Javier Fernandez-Agusti asturiarrak ateratakoak dira. Hortaz bera da autore eta eskubideen jabe intelektuala, guk eskerrak ematen dizkiogu egindako lanagatik eta musu-truk utzi izanagatik.
Lotutako albisteak

Erkidegoko 50 udalerrien arteko lehiaketa birtuala maiatzaren 19tik ekainaren 8ra

Maiatzaren 6tik 27ra bitartean bost saio egingo dira herriko klubetako gazte, familia, entrenatzaile eta teknikariekin

Txapelketak izaera ludikoa izango du, ekainean jokatuko eta izen-emateak maiatzaren 20ra arte egin daitezke