Berbetan jardunaldiak hitzaldi batekin hasiko dira asteartean
Berbetan ekimenaren edizio berria astearte honetan hasiko da, apirilak 10. Euskararen erabileraren inguruko gogoeta jardunaldien barne hiru hitzaldi eskainiko dira, eta bihar bertan izango da lehenengoa.
Amelia Barquin izango da edizio berri honetako lehenengo gonbidatua, eta Nola erabili euskara modu ez sexista batean? hitzaldia eskainiko du. Filologia Hispainiarrean Doktorea eta Mondragon Unibertsitateko Hezkuntza Zientzien fakultatean Kultur arteko Hezkuntzako irakaslea da Barquin. Topaketa asteartean 19:00etan hasiko da Lobiano Kulturgunean, eta sarrera doakoa da.
Berbetan jardunaldiak 1999an sortu ziren, benetako esperientzia ezberdinak eskaintzeko helburuarekin; horien bitartez, herriko euskararen erabilera eta ezagutza hobetu dezakegu. Izan ere, ekimen honekin beste herri eta entitateetan dituzten esperientzia eta iritzi ezberdinak partekatu daitezke.
Gogoeta eta iritzi trukaketarako aukera ematen duen ekimen hau; Euskal Birusa euskara elkartea, Eskolabarri ikastetxea, Ongarai eskola, Kaltxango AEK euskaltegia, Anaitasuna Ikastola eta Udal euskaltegiaren arteko elkarlanaren ondorioa da eta Ermuko Udalaren babesa du.
Beste bi hitzaldi hilabetean zehar
Amelia Barquinen hitzaldiaz gain, 2018ko programak honako ekimenak biltzen ditu:
- Apirilak 17, asteartea: Ermuan, euskaraz bizitzeko prest? Aktibazio saioa, Kike Amonarriz euskal filologo, soziolinguista, umorista eta telebistako aurkezleak zuzenduta. 19:00etan hasiko da saioa Lobiano Kulturgunean.
- Apirilak 24, asteartea: Bideojoko saioa Game Erauntsia elkartearen eskutik, 17:15etik aurrera KZgunean. Jarduera 10 eta 14 urte arteko neska-mutilei zuzenduta dago, eta plazak mugatuak dira. Parte hartu ahal izateko, beharrezkoa izango da apirilaren 19a baino lehen izena ematea euskalbirusa@gmail.com helbidera idatzita edota 688 63 28 74 mugikor zenbakira WhatsApp mezu bat bidalita.
Lotutako albisteak

Maiatzaren 15etik 25era egingo da euskararen erabilera aktibatzeko gizarte mugimendua

Bi egunez bisitan etorri dira herria berroneratzeko eta hazkunde demografikoari buruzko esperientzia ezagutzera

Udalekuak ekainaren 23tik uztailaren 18ra bitarteko laur asteetan gauzatuko dira. Izen emateak zabalik maiatzaren 7tik