Bazterketa eta gorroto-delituak, 2018ko Arrazakeriaren aurkako Asteko ardatzak

13.04.18
Immigrazioa eta nazioarteko lankidetza

Ermuko Udalak Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako Astearen edizio berria antolatu du datorren apirilaren 17tik 26ra bitartean. Bazterketaren eta gorroto-delituen aurka da aurtengo leloa, eta arrazoi arrazistak, xenofoboak edo bestelako intolerantziak tarteko izaten diren bazterketa eta gorroto-delituak nola eratzen diren ezagutaraztea eta kontzientziatzea da helburua.

Estatuko Fiskaltza Nagusiak 2017ko memorian azaldu duenez, gorroto-delituek, eraso arrazista eta xenofoboek eta bestelako intolerantzia eta bazterketa moduek –Interneteko eta sare sozialetako gorroto diskurtsoak, esaterako- gora egin dute azken urteetan. Bazterketarako arrazoi nagusiak arrazakeria eta xenofobia izaten dira; jarraian sexu orientazio eta identitatea, ideologia politikoa, aporofobia eta ezgaitasunak ageri dira.

Hori horrela, Udaleko Immigrazio Alorrak errealitate horri ikusgarritasuna eman eta xenofobia, arrazakeria eta intolerantzia jarrerak agertzea ekidin nahi ditu jarduera programa bat antolatuz. Agenda apirilaren 17an, asteartea, abiatuko da Aniztasunaren Eskolaren barnean kokatzen den hitzaldi baten eskutik; Eskola formakuntza, topaketa eta gogoeta espazioa da immigrazioaren eta kulturarteko elkarbizitzaren inguruan mintzatzeko. Hitzaldiaren izenburua La persona racista se hace, no nace da, eta Magdalena Bobowik Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Psikologia irakasle eta ikertzailea izango da hizlaria.

Bestalde, udal liburutegian Holocausto: pensad que esto ha sucedido erakusketa jarriko du SOS Arrazakeria Gipuzkoa elkarteak apirilaren 23tik 29ra. Europaren iraganetik irakaskuntzak ateratzea, arrazismoaren eta deshumanizazioaren ondorioz gertatutako basakeriaren inguruan gogoeta egitea eta egungo aniztasunak plazaratzen dituen erronken inguruan eztabaidatzea da erakusketaren helburua. Gainera, herriko ikasleentzat bisita gidatuak egingo dira.

Programari jarraiki, apirilaren 26an, osteguna, Udaltzaingoari eta Durangaldeko Ertzaintzari zuzendutako formakuntza saioa burutuko da, Durangoko Udalarekin lankidetzan. ACCEMek eskainiko du jardunaldia, eta gorroto-delituen prebentzioa, ikusgarritasuna eta salaketa eta biktimei atentzioa errazteko tresnak aurkeztea da helburua.

Azkenik, ostegunean bertan, hilaren 26an, Eraberean Sarearen urteko txostena aurkeztuko da. Eraberean Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duen sarea da, arraza, etnia, sexu orientazio eta izaera eta genero identitatea dela eta sortzen den bazterketaren aurka borroka egiteko. Saioa 18:30ean hasiko da Lobiano Kulturgunean SOS Arrazakeria Gipuzkoa elkarteko Mikel Mazkiaranen eskutik.

2018ko Arrazakeriaren aurkako Astearen kartela uzten dizuegu jarraian.

Lotutako albisteak

Imagen
05.06.24
Barne migrazioei eta horiek Ermuan duten eraginari buruzko materialak eta hausnarketak

'1950-1975 tartean izandako barne-migrazioak eta horiek Ermuan eta garapenari egindako ekarpenak' liburuaren eta “Esperanza” filma laburraren autoreek lan horiek aurkeztuko gaur Lobianon eta ostiralean Antzokian
Imagen
24.05.24
Ermua kulturen arteko erakusleiho izango da aste honetan

Zazpigarren edizioa izango da, datorren asteko sei egunetan jarduerak ekarriko dizkiguna
Imagen
22.03.24
Palestinako herriaren genozidioaren aurkako manifestazioa

Gaur arratsaldeko 18:30etan C. Orbe plazatik irtengo da