Ermuko Udalak balkoiak eta leihoak apaintzeko lehiaketa antolatu du
Ermuko Udaleko Ingurumen Sailak herriko balkoiak eta leihoak apaintzeko antolatu duen lehiaketan parte hartzeko gonbita luzatzen die herritarrei. Ekimena Debegesa Garapen Agentziarekin lankidetzan antolatu du erakundeak.
Herritarren partaidetzaren bidez Ermuko ingurumen kalitatea eta itxura hobetzea da lehiaketaren helburu nagusia. Landareei eta loreei garrantzia emanez, herrigune atseginagoa eta ederragoa lortuko da horrela, eta bide batez, herritarren artean landareak zaintzeko ohitura zabaldu daiteke.
Lehiaketa Deban, Eibarren eta Elgoibarren ere abian izango da, eta herritar guztiek parte hartu dezakete bertan, maiatzaren 15a baino lehen izena emanez. Horretarako, izen-emate orria behar bezala beteta entregatu beharko da Abiapuntun edota ostiralean, apirilak 27, 10:00etatik 13:30era Orbe Kardinala plazan egingo den lore banaketan. Inprimakia etxe guztietara banatu da, eta Abiapuntun ere eskuragarri izango da.
Jarduera honek herri mailako bi sari eta eskualde mailako bat banatuko ditu. Ermuan garaile suertatzen diren bi pertsonek 150 euroko txeke bana eskuratuko dute, EMOEko kide diren saltokietan erabili ahal izateko. Eskualde mailan irabazten duenak, aldiz, helburu bererako 200 euro lortuko ditu.
Epaimahaiak uztailean zehar ikusi eta baloratuko ditu balkoi eta leiho parte-hartzaileak, lore apainketa ederrenak saritzeko.
Lehiaketari buruzko informazio gehiago eskuratu nahi dutenek 943 17 91 42 telefonora deitu dezakete edo abiapuntu@udalermua.net helbidera idatzi. Halaber, lehiaketaren oinarriak hemen kontsultatu daitezke.
Lotutako albisteak
Aste honetan "Bugonia", "Los Tigres", "Die, my love" eta "Cuerpos locas" proiektatuko ditu.
Bazkideentzako jarduera bereziak eta doakoak kiroldegian
Programazioa askotarikoa da eta musika, antzerkia, umorea, dantza, zirkua eta familia ikuskizunak biltzen ditu