Kulturarteko Jaiak kolorez jantziko du Orbe Kardinala plaza

04.05.18
Immigrazioa eta nazioarteko lankidetza

Ermuko XVIII. Immigrazio Jardunaldiek larunbat honetan, maiatzak 5, ospatuko dute euren egun handia, Orbe Kardinala plazan izango den Kulturarteko Jaiaren eskutik. 11:00etatik hasita, egun osoan zehar herritar guztientzat moduko ekitaldiak izango dira.

Programazioa 11:30ean hasiko da, jaiaren irekiera ofizialarekin, eta jarraian North Comando Z taldeak break dance erakustaldia eskainiko du. Eguerdian, haurrentzako jolasei ekingo zaie Antxitxiketanen eskutik, eta geroxeago, 12:15etik aurrera, Eibar Rugby Taldeak 8 eta 14 urte arteko haurrentzako jolasak antolatuko ditu kirol horretan oinarrituta.

13:15ean jarraituko du jaiak, Havana 537 talde kubatarraren kontzertuarekin, eta 14:30ean atsedenaldia egingo da, kulturarteko herri bazkarian indarrak berreskuratu ahal izateko.

Arratsaldean, 16:30ean, Mustapha Agharvanek perkusio tailerra eskainiko du, eta jarraian, 18:00etatik aurrera, Tifyur amazigh taldearen kontzertuaz gozatzeko aukera izango da. Festari amaiera emateko, Ballena Gurumbé & Malick Diaw talde afrikarraren emanaldia izango dugu 19:30ean.

Gainera, egun osoan zehar, hennazko tatuajeak eta trentza afrikarrak egiteko, izena arabiarrez idazten ikasteko eta Ermuko ikastetxeetako neska-mutilek egindako marrazkien erakusketa ikusteko aukera izango da.

Ekintza guzti horiek Ermuko Nazioarteko Lankidetza eta Elkartasun Kontseiluak antolatu ditu, eta Udalaren, herriko ikastetxeen, Antxitxiketanen, Mudo-Drogoten eta Eibarko Rugby Taldearen babesa jaso du.

Jarduerak maiatzaren 9a arte

Aniztasuna, gure herriko aberastasuna da aurtengo Jardunaldien leloa, eta ardatza beste herri batzuetatik Ermura etorri diren pertsonen seme-alabak dira. Ume horiek Bertokoak dira, hementxe jaio eta hazi baitira; gurasoak kanpotik etorritakoak diren arren, seme-alabak Ermukoak dira.

Gaia lantzen jarraitzeko, datorren asteartean, maiatzak 8, Haur eta gazte aniztasuna. Bigarren belaunaldiak direlakoak mahai-ingurua eskainiko da 19:00etatik aurrera Lobiano Kultur Gunean. Bertan izango dira, hizlari gisa, Joseba Ibarra Berritzegune Nagusiko kulturartekotasun aholkularia eta Gorka Moreno Ikuspegi-Euskal Immigrazio Behatokiko zuzendaria.

Azkenik, Jardunaldien edizio honi amaiera emateko, asteazkenean, maiatzak 9, Urko Punta elkarteak Bigarren Eskuko liburu-denda inauguratuko du Torrekua kaleko eskilaretan, Torrekua tabernaren gainean. Topaketa 19:00etan hasiko da, eta Afa El Halaoui Ahizpatasuna euskal emakume marokoarren elkarteko kidea izango da bertan. Gainera, Bassirou Faye sukaldari senegaldarrak prestatutako luncha eskainiko da.

Lotutako albisteak

Imagen
Salek Baba Saharako Osasun ministroaren bisita
11.04.25
Ermuak saharar herriarekin duen konpromisoa berretsi du Salek Baba SEADeko Osasun ministroaren bisitarekin

Saharar segizioak Udal Osoko Bilkuren Aretoa eta Edaal harrera-etxea bisitatu ditu
Imagen
02.04.25
Debabarrenaren eskuzabaltasunagatik esker ona agertu du ‘Zaporeak’ GKEak

12 tona elikagai eta hamar mila euro bildu dituzte aurtengo erronkan
Imagen
La imagen muestra una parte del cartel
24.03.25
Zaporeak elkartearen VII. erronkari hasiera emango zaio gaur

Elikagaiak martxoaren 24tik 28ra bitartean jasoko dira, Ermuan arroz luzea. Errazioen tupper solidarioa eta zozketa larunbatean, hilak 29, Ermuan