Euskal Liburu eta Disko Azokaren edizio berria izango dugu Ermuan
Ermuko Udalak eta Euskadiko Liburu Ganbarak Euskal Liburu eta Disko Azokaren edizio berri bat antolatu dute. XXVI. edizioa izango da aurtengoa, eta datorren ostegunean hasiko da, maiatzak 17. Lau egunetan zehar, merkatuan dauden azken nobedadeak ikusteko eta horietaz gozatzeko aukera izango dugu.
Aurten ere, musika eta liburugintzari lotutako hainbat ekitaldi antolatuko dira. Horrela, maiatzaren 22ra arte luzatuko den egitarau erakargarria osatu da, non ipuin kontalariak eta musikarien bisitak izango diren.
Azokaren irekiera ofiziala maiatzaren 17an 11:00etan izango da, eta herriko ikastetxeetako bisitekin hasiko da. Ikasleek jolasen eta galderen bitartez azoka ezagutzeko eta bertan parte hartzeko aukera izango dute. Bestalde, ostiral arratsaldean, 19:00etatik aurrera Iñaki Carretero ipuin kontalariaren saioa izango dugu. Azoka igandean amaituko da, maiatzaren 20an, 21:00etan, eta ordura arte, honako ordutegia izango dugu:
- Osteguna 17 eta ostirala 18: 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era
- Larunbata 19 eta igandea 20: 11:30etik 14:30era eta 17:00etatik 21:00etara
Azokak irauten duen bitartean, merkatuko azken nobedadeak eta gehien saldutako liburu eta diskoak ikusi eta erosi ahalko dira. Gainera, liburu guztiek %10eko deskontua izango dute.
Ermuan Bagarak ere bere tartea izango du azokan, Euskaraldiaren inguruko informazioa eskaintzeko, elkartearen kamisetak eta koadernoak eskuratzeko eta Belarriprest/Ahobizi figuraren nondik norakoen berri izateko.
Azoka igandean itxiko bada ere, egitaraua hurrengo astean zehar ere garatuko da: asteartean, maiatzak 22, La Basu rap abeslaria izango dugu gure artean, bere ibilbidearen eta etorkizuneko erronken inguruan mintzatzeko. Doako solasaldi hori Lobiano Kulturgunean burutuko da 19:15etik aurrera.
Lotutako albisteak

Maiatzaren 15etik 25era egingo da euskararen erabilera aktibatzeko gizarte mugimendua

Bi egunez bisitan etorri dira herria berroneratzeko eta hazkunde demografikoari buruzko esperientzia ezagutzera

Udalekuak ekainaren 23tik uztailaren 18ra bitarteko laur asteetan gauzatuko dira. Izen emateak zabalik maiatzaren 7tik