‘Irakurri, Gozatu eta Oparitu’ egitasmoak badu apirileko sariduna

16.05.18
Udal Liburutegia

Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako Irakurri, Gozatu eta Oparitu kanpainak martxan jarraitzen du, eta Ermuak parte hartzen du bertan pasatu den martxoaren 20tik. Egitasmoaren hamabigarren edizio honetan Ermuko udal liburutegiak, Euskal Birusa elkarteak eta Maribel eta Xiripot liburu-dendek ere bat egin dute, elkarlanean, ekimena aurrera eramateko.

Kanpainan parte hartzen duten pertsona guztiak 30 euroko txeke bat eskuratzeko zozketan sartzen dira. Txeke horri esker, euskarazko liburuak erosi daitezke aipatutako herriko liburu-dendetan. Lehenengo zozketa apirileko irakurleen artean egin da, eta Daniel Dominguez izan da sariduna.

Ekimenak martxan jarraituko du maiatzaren 31ra arte; beraz, oraindik garaiz zabiltza parte hartzeko eta 30 euroko beste txeke baten zozketan sartzeko.

Kanpaina honen helburua irakurzaletasuna bultzatzea da, eta herritarrak euskarazko liburuak irakurtzera animatu nahi ditu, irakurtzearen alde atsegina azpimarratuz eta liburutegi publikoen zerbitzuen erabilera sustatuz. Ekimenak parte hartzea saritzen du, liburuak erosteko abantaila ekonomikoak emanez, eta liburua opari bihurtzera gonbidatzen du.

Parte hartzea oso erraza da, hiru pauso hauek eman behar dira:

  1. Irakurri. Lehenengo pausoa euskaraz irakurtzea da. Horretarako, Ermuko udal liburutegira joan eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu ahal izango da.
  2. Gozatu. Liburua irakurri, liburutegira itzuli eta fitxa erraz bat bete beharko da: zein izan den irakurritako liburua eta horren inguruko iritzia. Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emango digu, Maribel edo Xiripot liburu-dendetan erabiltzeko.
  3. Oparitu. Azken pausoa liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati, edo norbere buruari. Liburutegian jasotako erosketa-txekeak euskarazko beste edozein libururen prezioaren %35 ordaintzeko aukera emango digu, ekainaren 10a arte.

Aurten 47 herritan da martxan ekimena, eta aurreko hamar edizioetan frogatu denez, kanpainak eragin positiboa izaten du herritarrek herriko liburutegian egiten duten euskarazko liburuen mailegu kopuruan. Izan ere, egitasmoaren helburuetako bat horixe da, euskaldunak liburutegi publikoen erabiltzaile bihurtzea. Era berean, ekimenak liburuen salmentan izaten duen eragina kontuan hartzekoa da.

Lotutako albisteak

Imagen
09.03.26
Datorren larunbatean ipuin kontatze saioa euskaraz egingo da

‘Arratsaldean Kontu kontari’ 17:30etan, Liburutegian Lur Usabiagarekin
Imagen
02.03.26
‘Story Time’ ingelesezko ipuin kontaketaren saio berria

Hurrengo larunbatean, arratseko 17:30etan, udal Liburutegian
Imagen
27.02.26
'Kakorratz-lanean eta solasean' jardueraren edizio berrirako izen-ematea zabalik

Martxoaren 12ra arte udal Liburutegian eta harremanetan jartzeko bere ohiko bideen bidez