Ermuko Haurren Kontseiluak ikasturteari agur esan dio

Ermuko Alkatetzaren aholkularitza organorik gazteenak amaiera eman dio bere jarduerari gaur, osteguna, Lobiano Kulturgunean ospatutako ekitaldian. Haurren Kontseiluak ikasturtean zehar egindako lan guztia aurkeztu diote Carlos Totorika alkateari, Juan Carlos Abascal alkateordeari eta betebehar ezberdinak burutzen lagundu dieten Udaleko teknikariei.
Lau taldetan banatuta, Kontseiluko neska-mutilek banan-banan azaldu dituzte urriaren 20an lanean hasi zirenetik batu dituzten ideia guztiak. Aurkeztutako proposamenen artean daude, besteak beste, Forjako parkean kolunpioak jartzea edota Orbe Kardunala plazako kioskoa apaintzea eta koloreztatzea. Bestelako ekimenak ere burutu dituzte ikasturtean zehar, esaterako, Miguel de Unamuno Gizarte Zentroko haurrentzako jokoak probatu ahal izan dituzte irekiera baino lehen, euren iritzia emateko eta baloratzeko.
Proiektua aurkeztu ostean, kontseilari txikiek marrazkiak eta ipuinak oparitu dizkiote alkateari, eta tronpeta erakustaldi bat ere eskaini diote, euren abilezia artistikoak erakutsiz.
Carlos Totorikak eskerrak eman dizkio Haurren Kontseiluari zortzi hilabetez egindako esfortzuagatik eta lan bikainagatik. Aurkeztutako proiektu batzuk gutxi barru aurrera eramango direla jakinarazi du, Forjako haurren parkea, esaterako, eta beste proposamen batzuk etorkizunerako kontuan hartuko direla azaldu du. Gainera, neskato-mutikoei esker asko ikasi duela aitortu du: “Esperimentu gisa hasi zen Haurren Kontseilua, eta oso ongi joan da; beraz, datorren urtean errepikatu egingo dugu herriko haur gehiagok bertako kontuetan parte hartzeko aukera izan dezaten”.
Ekitaldiaren amaieran, Carlos Totorikak, Juan Carlos Abascalek eta Hiri Alorreko zuzendari David Henaresek diploma, oroigarri eta argazkiz eta marrazkiz osatutako koaderno bana oparitu dizkiete Haurren Kontseilua osatu duten neska-mutilei.
Hiriaren eraldaketa haurren ikuspuntutik
Lehen Hezkuntzako ikastetxe ezberdinetako 9 neskato eta 3 mutikok osatu dute Haurren Kontseilua, eta gehienbat Carlos Totorika alkateak proposatutako erronkari erantzuna emateko lanetan aritu dira: Orbe Kardinala plazako elkarbizitza hobetzea, alegia. Hori horrela, lan dinamika ezberdinak jorratu dituzte udaletxean, eta gero herriko kaleetan ere aritu dira lanean.
Haurren ikuspuntutik hiria eraldatzeko asmoa duen proiektua da, hiria haurtzaroaren ikuspegitik landu eta eraldatu ahal izateko, hiritar guztiak kontuan izanda eta umeei parte-hartzeko aukera emanda. Gazteen ahotsa entzun eta ezagutzeko modurik zuzen eta esanguratsuenetakoa da eta, batez ere, politikari eta arduradunek aniztasunetik edan eta ikaste-aberaste prozesuan murgiltzeko aukera paregabea.
Lotutako albisteak

Polizia Nazionalari eskaera egin dio, administrazio hurbil eta digitalki eskuragarriaren bidean aurrera egiteko

Haurren Kontseiluak aldarrikapen ibilaldia antolatu du datorren maiatzaren 7rako, asteazkena

Maiatzaren 3tik ekainaren 12ra ordu gehiago irekiko ditu egunero eta baita asteburuetan ere