Errotabarriko hamar taldeek denboraldi txukunari amaiera eman diote
Errotabarri Eskubaloi Kirol Elkarteak 2017-18 denboraldiari amaiera eman dio, oso modu txukunean eman ere. Elkarteko hamar taldeek –senior 2, jubenil 2, kadete 3 eta infantil 3- emaitza onak izan dituzte ligan. Udaren atarian eta horrek dakartzan etenaren aurrean balantzea egitea komeni da. Aurten gauza asko eta onak dituzte azpimarratzeko. Kirol alorreko helburuak bete egin dira eta lortutako gauzen artean adieraztekoak dira, elkartea egonkortasuna hamaika urte jarraian bete dituelako, kirolari kopurua asko handituz eta estatuan, erkidegoan, probintzian nahiz eskolartean jokatuz. Bi seniorrek mailari eutsi diote, goiburuko eta sailkapeneko bosgarren postuan. Jubenil eta kadete talde banak mailaz igotzea lortu dute eta euskal Ligara bueltatu dira. Gainerako guztiek mailari eutsiz aise. Infantilak ikasten eta jokalari gisa hezten jarraituz, ikastetxeen arteko ligan. Azkenik, ezin ahantzi ikastetxeekin hitzartutako benjaminak ere badituztela.
Emaitzen laburpenen horretan ere, ezin ahaztu Euskadiko kadeteek udaberriko txapelketa eskuratu dutela; Euskadiko jubenilak Bizkaiko Ligako txapeldun era kopako txapeldunorde izan direla eta, Errotabarrik zale onenaren saria jaso duela, Bizkaiko Federazioak bozketaz bildutako emaitzei jarraiki. Azken orduko nobedadeen artean, badago baita zer esan: batetik Imanol Alvarezek ez duela datorren denboraldian zilarrezko mailan dabilen taldea entrenatuko eta, bestetik, ekipoetan hainbat baja izango direla, kasurako, Anne Erauskinena, Zuazok fitxatu baitu.
Atal ekonomikoari dagokionez, balantze positiboa da baita ere, Errotabarri diruz ondo eta orekatu dabilelako, nahiz eta aurtengo denboraldiko aurrekontua laurogeita hamar mila eurotik gorakoa izan den. Zuzendaritza Batzordeko kideek eta Kirol Zuzendariak azken 6 urteetako laburpena aurkeztu zioten Udalbatzari aurreko astean, Informazio Batzordean aurkeztuz ibilbidea. Aurkezpen horren irudiak jartzen dizkizuegu jarraian, bideo-akta utzita.
Denboraldiko ibilbidearen laburpena
Estatuko bigarren mailan dagoen seniorrak –ohorezko eta zilarrezkoan- bosgarren amaitu du sailkapen orokorrean, kategorian dagoen hirugarren urtean. Hogeita sei partida jokatu ditu, 16tan garaile izanik, bat berdinduz eta gainerako 10 neurketatan amore emanez. Guztira 33 puntu bildu ditu, taularen goiburuan bukatuz, aldeko 76 golekin. Talde lehiakorra izan da eta maila erakutsi du. Ekipoa 2 aldiz bidatu du irletara (Tenerife eta Las Palmas), Logroño, Iruña, Santander, Bilbo, etxebarri edo Castro Urdiales hiriburu eta herrietako taldeen egoitzetara joanez jokatzera. Lortutako emaitza meritu handikoa da. Gauza handia; aintzat hartzekoa. Jokalari guztiak amateurrak baitira; eskubaloitik bizi ez direnak. Asteko lau egunetan entrenatzen dute eta asteburuko bosgarren batean partida jokatzen.
Datorren denboraldiari begira, taldean aldaketak izango dira hainbat jokalarik baja izango direla adierazi baitute, arrazoi desberdinengatik. Taldea utziko dutenek lau dira: Lore Arrizabalaga (lanagatik) Irene Oneca (atzerrira ikasten jarraituko duelarik), Mailen Calderon (arbitrajean gora egiteagatik) eta Anne Erauskin (Zuazok fitxatu izangatik). Imanol Alvarez bera ere ez da egongo aulkian, bart Donostiako ‘El Diario Vasco’ egunkariak ezagutarazten zuenez Bera Bera taldera bueltatuko baita. Entrenatzailearen erabakiak kezka eragin duen arren, zuzendaritza taldea zurrun dago eta kirol proiektua koordinatzen jarraituko duela adierazi du. Laster aldaketaren inguruko erabakia izango dutela ziur daude, Errotabarrik barnean estatuan entrenatzeko gai diren eta titulua duten 3 kide baititu, Imanolenaz gain.
Euskadiko senior taldeak, bestalde, bi itzuliko liga erregularreko sailkapen orokorrean bosgarren amaitu du, 21 puntu metatu ondoren. Ander Blancok gidatzen duen taldeak 20 partida jokatu ditu, 10 irabaziz, 1ean berdinduz eta gainerako 9etan amore emanez. Golen estatistikari dagokionean, zeroan amaitu du sartutako eta hartutako kopurua -504- bera izanda. Talde honetan ere, aldaketaren bat edo beste izan daiteke datorren denboraldirako, jada, ezagun da Marta Fernandez Lafuentek jokatzeari utzi egingo diola, arbitrajean jarduteko. Bi taldeetara aurten jubenil maila gainditzen duten jokalariak iritsiko dira.
Zilarrezko seniorrak Ermuan jokatu zuen kopako azken partidan –orain hamabost egun- lore bana banatu zitzaien datorrenean egongo ez direnei. Zaleen esker ona eta txalo zaparrada, baita ere.
Lotutako albisteak

Erkidegoko 50 udalerrien arteko lehiaketa birtuala maiatzaren 19tik ekainaren 8ra

Maiatzaren 6tik 27ra bitartean bost saio egingo dira herriko klubetako gazte, familia, entrenatzaile eta teknikariekin

Txapelketak izaera ludikoa izango du, ekainean jokatuko eta izen-emateak maiatzaren 20ra arte egin daitezke