Sprint_Inn Bizkaia: negozio ideiak azeleratu eta berritzeko lankidetza proiektu berria
Ermuko Udalak, Azaro Fundazioarekin, Leartibai Garapen Agentziarekin, Gernikako Lanbide Ekimenekin, Bermeo-Mundaka-Sukarrietako Behargintzekin eta Durangaldeko Lehiakortasun Poloarekin batera, Sprint_Inn Bizkaia izeneko lankidetza proiektu berri bat jarriko du abian. Berrikuntzaren eta metodologia berrien bitartez negozio ideiak azeleratzea da ekimen berri honen helburua.
Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa jaso du proiektuak, Bizkaia Orekan programaren bitartez, eta bertan parte hartzen duten pertsonek Google Space-ren Madrilgo Campusean kokatzen den Tetuan Valley negozio azeleragailu entzutetsuan egonaldiak egiteko eta gozatzeko aukera izango dute.
Proiektua berritzaileak izateko beharra duten enpresa tradizionalei zein negozio ideia definitu eta azeleratu nahi duten ekintzaileei zuzenduta dago.
Ekain honetan hasi eta 2019ko otsailera arte, hautatutako proiektuek aholkularitza pertsonalizatua jasoko dute negozio ideiaren definizioan, azelerazioan eta abiatzean lan egiteko. Horretarako, programak hainbat erraztasun emango dizkie ekintzaileei, esaterako, ideiak lantzeko espazioak, Tetuan Valley azeleragailuan egonaldiak, Design Sprint azelerazio prozesu berritzailean parte hartzea eta Bizkaiko zein Madrilgo tutore espezifikoen jarraipena eta aholkularitza.
Proiektu honetan parte hartu ahal izateko izen-emate epea ekainaren 22an itxiko da, ostirala. Deialdia Ermuko, Durangaldeko, Busturialdeko eta Lea-Artibaiko enpresa eta ekintzaileei zabalik dago. Interesa duten pertsonak Ermuko Udaleko Toki-Garapen Alorrarekin jar daitezke harremanetan, 943 17 91 51 telefono zenbakira deituz edota dl@udalermua.net helbide elektronikora idatziz.
Informazio gehiago behar izanez gero, kontsulta ezazu Sprint_Inn Bizkaia proiektuaren inguruko dokumentu interaktibo hau.
Sprint_Inn Bizkaia proiektuaren faseak
Hil honetan bertan hasiko da proiektua, eta zortzi hilabeteko iraupena izango du. Programa bost fasetan banatuta dago, eta horietatik bi Madrilgo Tetuan Valley-n burutuko dira.
Tetuan Valley Madrilen dagoen negozio azeleragailu bat da, eta bere helburu nagusia teknologian oinarritutako negozio ideiak azeleratzea da, metodologia berrien eta gai ezberdinetako adituen ezagutzaren bitartez. Ikasle sareagatik bereziki ezaguna da, ekintzaileek beraien lan ibilbidean zehar harremana mantentzen baitute Tetuan-ekin, eta bertara itzultzen dira izandako esperientziak partekatu eta aholkua emateko, horrela belaunaldi berriekin sinergiak sortzen direlarik.
Hautatutako proiektuen ordezkariak urrian joango dira Madrilera, eta bost egunetan zehar, Design Sprint prozesu berritzailearen bitartez, negozioaren gai kritikoei erantzuna ematen saiatuko dira diseinuaren, prototipoen eta bezeroekin harremanaren bitartez. Ondoren, urtarrilean, berriro itzuliko dira aurrerapenak aurkeztu eta lortutako emaitzen jarraipena egiteko.
Hala ere, proiektuaren zati handiena (ideiaren aurre definizioa, garapena eta abian jartzea), Bizkaian egingo da, eta ekintzaile talde bakoitzak bere eskualdeko ekintzailetza zentroaren laguntza zuzena jasoko du; gure kasuan, Izarra Centre. Gainera, proiektu guztiek gai ezberdinetako adituek osatutako tutore sare baten laguntza ere izango dute, negozio ideia bakoitzaren garapenerako bereziki aukeratuko dena.
Lotutako albisteak

Enplegu-agentzia da irtenbidea; doako bitartekaritza-zerbitzua da, zeina hobetu egin duen

Kualifikaturik dauden pertsonentzako programa, enplegurako bi ibilbide dituena

Jardunaldiak ekainaren 11n eta 12an egingo dira Izarra Centren