Pentsio duinak aldarrikatzeko ostegunean kalera ateratzera deitu dute Ermuko pentsionistek
Ermuko pentsionistek manifestazioa antolatu dute ekainaren 14ko ostegun arratsaldeko 7etarako, pentsio duinak aldarrikatzeko. Martxa udaletxe aurretik -Baldespina Markesaren kaletik- abiatuko da, hiriguneko kale nagusietan murgiltzeko. Kolektiboa deialdia kalean jarritako kartelen bidez ezagutzera eman du, herritarroi bat egin eta parte hartzeko gonbitea eginez. Kartel horietan aldarrikatzen dituzten aspektuak jaso dituzte, sei eskaera nagusi izanik: pentsioak bizitzaren benetako kostua oinarri haturik igotzea; gutxieneko pentsio duina 1.080 eurotan ezartzea, jasangarritasun faktorea eta pentsioetan egindako azken aldaketak indargabetzea; azken lan-erreformak indargabetzea eta lan-prekarietatea ezabatzea; generoaren arabera pentsioetan dauden ezberdintasunak ezabatzea eta pentsio-fondo pribatuei babesik ez ematea, Sistema Publikoa ahultzen dutelako.
Pentsionistak mobilizazioetan dabiltza urte hasieratik, hain zuzen ere, orduan agintean zegoen Gobernuak %0,25 igoko zituela jakin zutenez geroztik. 2018ko urtarriletik astelehenero bildu izan dira eguerdian udaletxe aurrean; hasieran elkarretaratzea eginez eta, gerora, herriko kaleetan barne martxa gauzatuz. Hasieran taldetxoa espontaneoki biltzen hasi zen, asteak pasa ahala, ekimena egonkortu eta antolatu ondoren gero eta gehiago izanez gaur hainbat ehunka biltzen direlarik. Kolektiboak jada 21 aste bete ditu mobilizazioetan, Gobernuak aurtengo Aurrekontu Orokorretan ehuneko handiagoa igotzea erabaki arren. Pentsionistek ez dute amore ematen eskubideen aldarrikapenean, orain gutxi gobernuan izan den aldaketak ere dituela kaletik atera.
Taldeak hainbat deialdi eta ekintza gauzatu ditu Ermuan, nahiz Debabarrena bailaran, Eibarren mamitu izan direnak. Ostegunean, ekitaldi berri bat egingo dute, babes handiago izatearen esperoan, lanean dauden eta bestelako adina duten taldeenak tartean, gu guztion etorkizunaren mesederako.
Lotutako albisteak

Gai horiek jorratuko dira ekainaren 11 eta 12ko Ermua TalenTIC 2025 jardunaldietan, Izarra Centre-n

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek sentsibilizazio kanpaina hartuko dute datorren astean

Asteazkenean, hilaren 21ean, 19:00etan, izango da Lobiano Kulturgunean