'Mugak Zabalduz' elkartasun karabana Siziliara iritsiko da
Pertsona Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna ospatzen da asteazken honetan, ekainak 20. Horren harira, Ermuko Elkartasun eta Nazioarteko Kooperazio Kontseiluak Mugak Zabalduz karabana solidarioaren aurkezpena prestatu du egun horretarako. Ekimen horrek Euskal Herritik Siziliarako bidea egingo du datorren uztailaren 13tik aurrera, ostirala.
Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak antolatu du ekimena, eta horren helburu nagusia Europar Batasunaren migrazio politikak salatzea da. Uztailaren 13an abiatuko da karabana Bilbotik, eta Siziliara iritsi aurretik Gironatik, Ventimigliatik (Frantziaren eta Italiaren arteko muga) eta Calabriatik igaroko da. Azken horretan, Riace herrian errefuxiatuak hartzean bizitako esperientzia bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute parte-hartzaileek.
Mugak Zabalduz karabana erakunde eta kolektibo ezberdinek osatutako sarea da, eta 2016. urtean jaio zen Greziara egindako lehenengo bidaiarekin batera. 2017an, Melilla izan zen helmuga, eta aurtengoan Italia hautatu da, bereziki, Europar Batasunaren migrazio eta babes politiken aplikazioan egiten ari den lan negatiboa dela eta. Hori beste behin ere agerian gelditu da Aquarius itsasontziaren kasuarekin.
Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kide German García Ermuan izango da asteazken honetan, ekainak 20, karabanaren nondik norakoen inguruko azalpena emateko. Hitzaldia 18:30etik aurrera izango da Eskilarapeko Ateneoan.
Bestalde, karabanan parte hartzeko interesa duten pertsonek 664 32 89 90 telefono zenbakira deitu edo ekimenaren webgunera jo dezakete.
Lotutako albisteak

Gai horiek jorratuko dira ekainaren 11 eta 12ko Ermua TalenTIC 2025 jardunaldietan, Izarra Centre-n

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek sentsibilizazio kanpaina hartuko dute datorren astean

Asteazkenean, hilaren 21ean, 19:00etan, izango da Lobiano Kulturgunean