Gaztedi Durangaldea 2018 programak lanekoak ez diren bekak eta negozio ideien lehiaketa aurkeztu ditu

20.06.18
Kultura eta Gazteria

Gaztedi Durangaldea programak negozio ideien lehiaketaren edizio berria aurkeztu du, baita enpresetan lanekoak ez diren praktikak egiteko diru-laguntzen deialdia ere. Datozen egunetan zabalduko dira bi ekintzetara aurkezteko epeak, eta denbora luzez zabalik mantenduko dira proiektuen aurkezpenak modu egokian prestatzeko tartea eskaini ahal izateko.

Negozio ideien lehiaketa 16 eta 29 urte arteko gazteei zuzenduta dago, eta parte-hartze epea irailaren 14ra arte egongo da zabalik. Ordura arte, edozein momentutan aurkeztu ahalko dira ideiak, eta proposamenak bidaltzeko epea amaitzen denean, negozio proiektuak martxan jartzearen inguruko formazioa eskainiko zaie parte hartzen duten pertsona guztiei. Formazio horretan izatea ez da derrigorrezkoa, baina kontuan hartuko da proiektuak ebaluatzerako orduan.

Enpresetan lanekoak ez diren praktikak egiteko bekei dagokienez, 18 eta 25 urte arteko gazteak praktiketan hartzeko prest dauden enpresei zuzenduta daude. Programak 5 hilabeteko iraupena izango du, eta hilean 460 euro ordainduko zaie bekadunei. Gainera, ordutegiak ezingo du enpresa hitzarmenean zehazten denaren %75a baino luzeagoa izan.

Aurtengo edizioan, bi berrikuntza proposatzen dira beken inguruan: batetik, diru-laguntza horiek eskatzeko epea baliabideak amaitu arte egongo da zabalik; beraz, edozein unetan eskatu ahalko dira urrira arte, aurrekontua agortzen ez den bitartean. Hori horrela, eskaerak iristen diren ordenaren arabera bilatuko dira enpresak, eta horren arabera emango dira bekak.

Beste aldetik, jada enpresa batekin hitzartuta dauden gazteen eskaerek lehentasuna izango dute. Dena dela, hau ez da kontuan hartuko eskatzaileak enpresaren jabe edo zuzendari den familiarekin zerikusia edo ahaidetasuna baldin badauka.

Deialdi hauen inguruan informazio gehiago behar izanez gero, jlorenzo@udalermua.net helbide elektronikora idatzi edota Gaztedi Durangaldea programaren webgunera jo daiteke.

Gazteentzako politikak herritik abiatuta

Bizkaiko Foru Aldundiak sustatzen duen Gaztedi Bizkaia proiektuak herrietan gazteentzako politikak abiarazteko helburua du, kasu bakoitzean behar diren zerbitzuak eskainiz. Jarduera eremu nagusiak zortzi dira: hezkuntza eta trebakuntza, enplegu eta ekintzailetza, gizarte esku-hartzea, osasun eta ongizatea, kultura eta sormena, gizarte konpromisoa, parte-hartzea eta nazioartekotzea.

Gazteentzako politika integralak eskualdeka garatu, bultzatu eta ezarri ahal izateko, Durangaldean 2017-2019 proiektuan parte hartzen duten herriak Abadiño, Amorebieta Etxano, Berriz, Durango, Elorrio, Ermua, Garai, Iurreta, Izurtza, Mallabia, Mañaria eta Zaldibar dira.

Durangaldea Gaztedi hitzarmena sinatzean, udal ezberdinek urtero jarduera zehatzak bultzatzeko eta horietan parte hartzeko konpromisoa hartu zuten. Horrela, inoren kontura lan egiteko trebakuntza (enpresetan praktikak) eta norbere konturako enplegua sustatzen dira (negozio ideien lehiaketa bidez).

Lotutako albisteak

Imagen
19.05.25
Gazteria Zerbitzuak 'Uda Gazte Jolasak' proposamena aurkeztu du

Bi aste jardueraz lepo! Izen emateak maiatzaren 21eatik ekainaren 4ra, biak barne
Imagen
15.05.25
2025eko Santixauak: kartela eta suziriak nork botako aukeratu da

Maialen Calderonek eta Marta Fernandezek irekiko dituzte jaiak eta kartela egile katalan batena da
Imagen
14.05.25
Banarte Antzerki Tailerrak ‘Ensayo general’ muntaia aurkeztuko du

Antzokian, ostiralean, 20:30ean. Sarrera 8 euro balio du