Carlos Totorikak politika utziko du, azken 27 urteetan aurreneko lerroan egon ostean

21.06.18
Erakundea

Carlos Totorika Izagirrek (1956) politika eta bizitza publikoa utziko ditu, Ermuko alkatetzan eta Bizkaiko Batzar Nagusietan dituen karguei uko eginez. Totorika alkate karguan esperientzia gehien duenen artean dago, jarraituko zazpi legegintzalditan bere jaioterriko aginte ‘makila’ eskuetan izan duelako. Zazpi legegintzalditan etenik gabe Euskadiko Partidu Sozialista alderdiaren hautagai burua izan delako, behin eta berriz hautesleen babesa mantenduaz. Aste honetan karguari uko eginen dioen idatzia aurkeztu du, eta erantzukizunei agur esango die ekainaren 26an Udalbatzak eginen den Osoko Bilkuran.

Mikel Torres Bizkaiko Sozialisten Idazkari Nagusia Totorikaren alboan izan da agur esateko ekitaldian, eta Ermuko alkatea alderdi sozialistaren ordezkari izatearen “ohorea eta pribilegioa” azpimarratu nahi izan ditu. “Carlos Totorikak gure alderdiaren izpiritua eta bihotza islatzen ditu, eta bidaia luze honetan zehar, alkate sozialista handia izan da”, azaldu du Torresek.

Carlos Totorikak, bien bitartean, “emozio kontrajarriak” zituela aitortu du bere agurrean, eta “politikan noiz sartu behar den” jakiteaz gain, “noiz irten behar den ere” jakin egin behar dela adierazi du. “Niri irtetea egokitzen zait jada, Ermuko erronka berriei aurre egingo dion belaunaldi berriari txanda eman eta albora egitea”, esan du. Horrela, bere ibilbide politikoari errepasoa eman dio, “ interes publikoaren eta herriaren alde lanean” aritu dela azalduz, eta hemendik aurrera bizitza berri batez gozatzea tokatzen zaiola esan du, erantzukizun publikoetatik at.

Egun lehenengo alkateorde den Juan Carlos Abascal Candasek ordezkatuko duela aurreikusita dago, mentore izan duen alderdikideak uko egin ondoren. Juan Carlos Abascal (1974) Ekonomi eta enpresa Zientziatan lizentziatua da, EHUn eta Sarrikoko ikasle izandakoa. Udaleko langile da, bertan Enplegu eta Tokiko Garapen agente izandakoa, ‘Promosa’ udal sozietate publikoko ekonomia eta finantza arduraduna eta, 2006a geroztik, sozietatearen Gerentea. Gaur egun derrigorrezko eszedentzian dago 2015eko Toki Hauteskundeetan alderdi sozialistaren zerrendako bigarren aurkeztu ondoren. Honek zin egin eta karguaz jabetu daitekeela aurreikusi da, ekainaren 29ko ostiralean egin daitekeen Udalbatzako Osoko Bilkuran.

Miguel Angel Blanco Garridoren erailketan mobilizazioen buru izan zen Carlos Totorika; ‘manos blanca’ mugimenduaren eta ‘Foro Ermua’ deitutakoaren ikono

Carlos Totorika tokiko politikara eta alkatetzara 1991. urtean irits izen, herriko hautesleen %48ko babesarekin. Traturako gertukoa eta langile nekaezina da. Alkate izan zen lehen aldian, 10 zinegotziren taldeburu izan zen. Gehiengoa izanik, ikasteko eta proiektu ugari gauzatzeko parada eman zion, baita Gasteizen dagoen Eusko Legebiltzarrera iristeko 1999ko urritik 2001eko maiatzaren 13ra bitartean, biltzarkide eta alkatetza erantzukizunak uztartuaz. 1995ean ostera era zerrendaburu aurkeztu zen, hautesleen babesa lortuz eta zinegotzi kopurua gehituz, 11 lortuta. Bigarren legegintzaldi horretan, oihartzun handia izan zuen PP alderdiko Miguel Angel Blanco Garridoren bahiketa eta erailketak. Banda terroristak emandako 48 orduak, Totorikaren izaeran eta gain hartu zituen erantzukizunetan eragin nabarmena izan zuten. ‘Aski da’ lau haizeetara oihukatzen zuen herritarren eta terrorismoari aurre egiteko mobilizazioaren buru izanik. Jokaera horrek estatuan ezaguna egitera eraman zuen, hori nahi izan ez arren.

Politikari aktiboa izan da, ausarta eta konprometitua, ideien arteko talkari inoiz uko egin ez diona eta, politikoki oso gogorrak eta zailak izan diren urteetan, askatasunaren eta gizarte justiziaren baloreak defenditu dituena, konpromiso pertsonal eta familiar handiarekin.

Azken legegintzaldi honetan, 2015eko ekainetik hasita, Bizkaiko Batzar Nagusietako batzarkidea da Durango-Arratia hauteskunde-barrutia ordezkatuz. Gainera, Euskadiko Sozialistak taldeko bozeramailea da. Lurraldeko Batzar Nagusietan datorren astean aurkeztuko du uko egitearen idatzia.

Orain atseden hartzean pentsatzen du, urte luzez familiari kendutako denbora itzultzean eta aisialdiaz gozatzean. Jakina da pilotazalea dela -paletan-, baita txirrindulari amorratua ere, eta ohikoa da maillota jantzita errepideetan bizikleta gainean ikustea; bere txakurraren konpainian Urkora edo Oizera mendi-ibilaldi luzeak egitea ere gustuko du Totorikak.

Lotutako albisteak

Imagen
16.05.25
Ziurgabetasunak eragiten al dio talentuari? Zenbateraino? Enpresa edo herri-administrazioetan maila berdinean?

Gai horiek jorratuko dira ekainaren 11 eta 12ko Ermua TalenTIC 2025 jardunaldietan, Izarra Centre-n
Imagen
16.05.25
M17: LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Eguna

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek sentsibilizazio kanpaina hartuko dute datorren astean
Imagen
13.05.25
‘Euskaraldia’ hastear, ostegunetik hasita hamar egunez

Maiatzaren 15etik 25era egingo da euskararen erabilera aktibatzeko gizarte mugimendua