'Digitalers' proiektuko 11 parte-hartzaileek euren berrikuntza proposamenak aurkeztu dituzte

05.07.18
Ekonomi Sustapena

Ekimen honen helburua langabezian dauden 30 urtetik beherako pertsonak lan mundura sartzea da formazio digitala eskainiz

Egungo lan merkatuaren egoera oso ezegonkorra eta aldakorra da, eta robotikak, nazioartekotzeak eta digitalizazioak modu zuzenean eragiten dute eskatzen den enplegu motan. Hori horrela, merkatuko parte aktibo izateko eskatzen diren eskumenak eta gaitasunak ere aldatzen ari dira.

Izan ere, digitalizazioak lan egiteko modua eta tradizionalki industriari, merkataritzari eta zerbitzuei lotutako enpleguak eraldatu ditu. Horrekin batera, lan egin nahi duten pertsonei ezagutza digitalak eta taldean lan egitearekin, bezeroenganako orientazioarekin, emaitzak lortzearekin, lidergoarekin eta balio-aniztasunarekin lotutako abilezia jakinak eskatzen zaizkie.

Testuinguru horretan, pasatu den urtarrilean abian jarri zen Digitalers proiektua. Ekimen hori langabezian dauden 30 urtetik beherako pertsonei zuzenduta dago, eta irakaskuntza digitalaren barnean, lan metodologian ekiteko modu berrien alde egiten du, parte-hartzaile gazteengan proiektuaren eragina hobetzeko helburuarekin.

11 pertsonak parte hartzen dute Digitalers proiektuan, eta horietatik 8 ermuarrak dira. Parte-hartzaile guztiek formazio akademiko ezberdina dute, ez baita formazio espezifikorik eskatu programan sartzeko.

Proiektuaren finantziazioa elkarlanean egin dute Lanbidek (103.719 euro), Bizkaiko Foru Aldundiak (72.080 euro) eta Ermuko Udalak (80.000 euro). Helburua gazteei lan mundura sarrera erraztea da, gaitasun pertsonala, profesionalak, sozialak eta lidergokoak hobetuz, egungo lan merkatuak ezaugarri duen eraldaketa digitalaren prozesuan sartzeko. Beraz, ekonomia digitalera egokituz gaitasunak hobetzea da xede orokorra.

Programa honetan 650 orduko formazio digitala eskaintzen da marketingaren eta komunikazioaren kudeaketan, community manager lanetan, web 2.0 tresnetan, Android aplikazioen garapenean, HTMLn eta proiektu digitalen kudeaketan. Gainera, gaitasun sozio-laboralak ere lantzen dira psikologian aditua den enpresa baten laguntzarekin, eta horri esker, parte-hartzaile bakoitzaren izaera hobeto ezagutu daiteke.

Formazioarekin batera, ikasleek lan-kontratua dute Ermuko Udalarekin, eta horren bitartez eduki digitalen proiektuak burutzen dituzte. Prozesu horretan, Weif enpresa ermuarra dute alboan, Mondragon Unibertsitateko Leinn gradutik eratua. Enpresa horretako kideek proiektuen garapenerako enpresa ezagutzak ematen dizkiete ikasleei, eta taldeka eta proiektuka lan egiteko aukera ematen diete.

Digitalers proiektua datorren urriaren 31n amaituko da, eta gaur osteguna, uztailak 5, urtarriletik hona egindako lana aurkeztu dute parte-hartzaileek Izarra Centreko auditorioan. Juan Carlos Abascal alkateak eta José Ramón Gombau Enplegu zinegotziak ‘digitalers’ek taldeka landutako hiru proiektuak aurrez aurre ezagutzeko parada izan dute. Horien artean dago Fight like a woman ekitaldi feminista handia, irailean gure herrian garatuko dena.

Alkateak eskerrak eman nahi izan dizkie parte-hartzaile guztiei egindako lanagatik, eta pertsona guztiak proiektu berriekin ausartzera animatu ditu.

Ekonomia digitalaren aldeko apustua

Enplegu arloan Udal honek egiten duen lanaren barne kokatzen da programa hau, langabezian dauden pertsonei aukerak emateko. Horrela, ekonomia digitala eta datuen ekonomiaren alde egiten du; zentzu horretan, zuntz optikoko udal sarea jartzearekin batera hasi zen alor hori bultzatzen Ermuko Udala.

Sare horrek aukerak eskaintzen ditu mundu digitalarekin lotura duten enpresak herrira erakartzeko, eta zerbitzu publikoak hobetzea ahalbidetzen du KITen bidez (Komunikazioaren eta Informazioaren Teknologiak). Horretarako jada eginda dugu atalik zailena: Ermuko Udaleko zuntz optikoko sareak eskaintzen duen autobidea.

Lotutako albisteak

Imagen
28.04.25
Langile kopurua gehitu nahi baduzu edo lan bila bazabiltza...hemen duzu aukera

Enplegu-agentzia da irtenbidea; doako bitartekaritza-zerbitzua da, zeina hobetu egin duen
Imagen
04.04.25
HAZILAN +, laneratzeko programa

Kualifikaturik dauden pertsonentzako programa, enplegurako bi ibilbide dituena
Imagen
03.04.25
Ermuko TalenTIC 2025 jardunaldien egitaraua ixtear

Jardunaldiak ekainaren 11n eta 12an egingo dira Izarra Centren