Zuntz optiko sarea egokitzeko eta operadore berriei zabaltzeko lanek aurrera jarraitzen dute
Zuntz optiko ultra azkarraren jabe den Promosa udal sozietate publikoa azpiegitura hori egokitzen ari da eta horretan osagai berriak ezartzen telekomunikazio operadore berriak sartzerik izan daitezen, horren bidez bezeroei era ezberdinetako zerbitzuak eskaini ahal izan diezaieten. Sarea egokitzeko lanak apirilean hasi ziren eta bere azken txapan sartu dira, amaitzear baitaude. Sozietateak bidalitako idatzi baten bidez iragarri duenez moldatze lanetan dabilen enpresak abuztuan lan egingo du, azkeneko zereginei heldu eta bukatzeko. Horrekin batera, zerbitzuak kontratatuak dituzten titularrei abuztuaren 13tik 31era bitartean etxeko routerra pizturik uzteko eskatu die, teknikariek seinalearen transmisioa zuzena dela konprobatzerik izan dezaten.
Seinalea etxeetara banatzen duten nodo edo armairuak egokituko bigarren fasean
Lehenengo fasean herri guztiko etxebizitzetako portaletan jarritako kutxak egokitu dituzte, lan hori bukatzear dagoelarik. Laster baten, abuztuko hirugarren astean, sarea zabaldu ahal izateko egokitzapen lanen bigarren faseari helduko zaio, horretan sarea banatzeko lotune eta armairuetan –nodoak deritzatenetan- jardun beharko den, armairuetatik auzo ezberdinetako etxebizitzetara seinalea daramaten horietan.
Oharrak hitzez hitz ondokoa dio: “bigarren fasean diseinatu dugun esku-hartze horrek sareko nodoetan jardutea aurreikusten du, zerbitzuak –telefono, internet edo TBa- denbora batez etetea eragin dezakeelarik. Mozketak bakarrik lanegunetan gertatu ahal izango dira, hain zuzen abuztuaren 13ko goizeko 9etatik abuztuaren 31ko 5ak bitartean. Abuztuko bigarren hamabostaldia aukeratu dugu, ahal den heinean, zerbitzuak kontrataturik dituzten titularrei eragozpenik txikiena sortzeko asmoz”.
Abuztuaren 13tik 31ra routerrak piztuta utzi, seinalearen transmisioa zuzena dela egiaztatzeko
Aurrerago erantsiz “teknikariek sare guztiko nodoetan lan egingo dute lerroaren ordenari jarraiki eta etxeetara seinalea daraman armairu bakoitzeko erabiltzaileak ukituko ditu. Lanak egin ondotik, zerbitzuak ahal bezain laster altxatzea aurreikusten dugu. Etxeko routerrak piztuta uzteko eskatzen dugu, seinalearen transmisioa zuzena dela egiaztatu ahal izateko. Mila esker zuen laguntzagatik eta barka eragozpenak”.
Lotutako albisteak
Lau hilabete iraungo du, martxora arte, eta inskripzioak zabalik daude
Programazioa askotarikoa da eta musika, antzerkia, umorea, dantza, zirkua eta familia ikuskizunak biltzen ditu
LHko 6. mailako ikasleak irabazi du eta udaleko Gabon mezuaren euskarri izango da