‘La venganza de Salazar’ filmarekin iritsiko dira Karibeko Piratak Ermura
Azken urteetako itsas abentura ezagunenek asteazken bero honetako zine saioa freskatuko dute. Izan ere, gaur gauean, udako zine zikloko seigarren saioan, Piratas del Caribe: La venganza de Salazar filma izango dugu ikusgai. Pelikula 22:00etatik aurrera izango da ikusgai Orbe Kardinala plazan, eta eguraldia lagun ez badugu, berriz, Santiago elizako arkupeetara mugituko da proiekzioa.
Disney estudioko piratarik famatuenen bosgarren kapitulua, jatorrizko bertsioan Pirates of the Caribbean: Dead Men Tell No Tales izenekoa, Joachim Rønning eta Espen Sandberg zuzendarien lana da. Ohiko moduan, aktore handiak ageri dira bertan, hala nola, Johnny Depp, Javier Bardem, Geoffrey Rush, Orlando Bloom eta Keira Knightley.
129 minutuko iraupena du filmak, eta 12 urtetik gorakoei zuzenduta dago. 2017ko maiatzaren 25ean estreinatu zen zineetan.
Sinopsia
Jack Sparrow kapitainak pirata-mamuei aurre egin beharko die oraingoan. Horien buru Salazar kapitain beldurgarria izango da, Sparrowren aspaldiko aurkaria, Bermudetako Triangelutik ihes egin berria. Bizirauteko aukera bakarra kondairetako Poseidonen Hiruhortza aurkitzea izango da, tresna boteretsu horrekin, itsasoen gaineko kontrola lortzen baitu bere jabeak.
Lotutako albisteak

Bi aste jardueraz lepo! Izen emateak maiatzaren 21eatik ekainaren 4ra, biak barne

Maialen Calderonek eta Marta Fernandezek irekiko dituzte jaiak eta kartela egile katalan batena da

Antzokian, ostiralean, 20:30ean. Sarrera 8 euro balio du