Fight like a woman mugimendua nagusituko da Ermuan aste honetan
Izarra Centre eraikinak Fight like a woman ekimena hartuko du aste honetan zehar. Mugimendu horren helburua emakumeak ahalduntzea eta kristalezko sabaiak ikusaraztea da. Ermuko Udalak, Lanbidek eta Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatutako ekimena da, eta Digitalers proiektuaren barnetik sortu da.
Feminismoari bultzada emateko jaio da Fight like a woman ekimena, antolatzaileentzat gizarte mugimendu oso garrantzitsua baita. “Nazkatuta gaude ‘emakumeak bezala borroka egin’ esaera mespretxuzko esanahiarekin erabiltzen dela entzuteaz”, azaltzen dute euren webgunean.
Jardunaldi feministak irailaren 12an, 13an eta 14an ospatuko dira Ermuan, eta Jone Bengoa, Miriam Rodriguez, Maryanne Vieira eta Natalie Hickey tokiko artisten erakusketarekin hasiko dira. Lanak Izarra Centre eraikineko bosgarren solairuan izango dira ikusgai asteazkenean eta ostiralean, 11:30etik 15:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, eta ostegunean 11:30etik 16:00etara. Gainera, ostiralean, hilak 14, lau artistekin solasaldia egingo da 17:00etatik 18:00etara.
Ostegunean, emakumezkoen kirola izango dute ardatz jardunaldiek, eta emakumeentzako kickboxing masterclass bat eskainiko du Ainara Torvisco bost aldiz txapeldunak. Tailerra Orbe Kardinala plazan izango da 17:00etatik 19:00etara.
Azkenik, irailaren 14an, ostirala, gala edo ekitaldi nagusia izango da Izarra Centreko terrazan. Jarduera 18:00etan hasiko da, eta esparru ezberdineko profesionalak diren emakumeek hitzaldiak eskainiko dituzte, euren esperientziak eta arrakasta lortzeko gainditu behar izan dituzten zailtasunak kontatuz. Zuzeneko musikaz gozatzeko aukera ere izango da, Karla Imbert musikariaren eskutik, eta mahai inguruak, luncha eta networkinga izango dira, giro lasai eta atseginean mintzatu ahal izateko. Gainera, seme-alabak dituzten pertsonak arazorik gabe hurbildu daitezen, ekitaldiak irauten duen bitartean (22:30 arte aurreikusten da) doako haurtzaindegi zerbitzua eskainiko da.
Jardunaldietako jarduera guztiak doakoak dira, baina edukiera mugatua denez, aldez aurretik izena ematea eskatzen da mugimenduaren webgunean.
Lotutako albisteak

Gai horiek jorratuko dira ekainaren 11 eta 12ko Ermua TalenTIC 2025 jardunaldietan, Izarra Centre-n

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek sentsibilizazio kanpaina hartuko dute datorren astean

Asteazkenean, hilaren 21ean, 19:00etan, izango da Lobiano Kulturgunean