8 eta 17 urte arteko gaztetxoentzako padel ikastaroak
Ermuko El Sartenazo padel elkarteak herriko Padel Eskola antolatuko du denboraldi honetan. Orain arte UKEk kudeatzen zituen ikastaroak bere osotasunean El Sartenazok antolatuko ditu aurtengoan.
Elkartearen helburua eskolarako adina duten gaztetxoei (8-17 urte) zuzendutako zerbitzua eskaintzea da, ariketen eta joko dibertigarrien bitartez ezagutza tekniko egokiak jaso ditzaten.
Klaseak Aritzmendi kirol-guneko padel pistetan eskainiko dira, astearte eta ostegunetan, 16:30etik 19:30era. Jarduera UKEko bazkide diren 8 eta 17 urte arteko neska-mutilei zuzenduta dago, eta adin eta mailaren arabera taldekatuko dira parte-hartzaileak, saioak berdintasunezkoak izan daitezen. Taldeak, gainera, txikiak izango dira, gehienez ere 6 pertsonakoak.
Padelaren munduan esperientzia zabala duten titulu nazionaldun lau begirale arituko dira bertan: Enrique Vallejo, David Pinilla, Miguel Egido eta Markel Garcia.
Partaide bakoitza astean entrenamendu baterako (hilean 20 euro) edo asteko bi saiotarako (hilean 38 euro) apuntatu daiteke.
Gainera, neska mutilek elkartearen eskola taldean sartu eta Padel Federazioak antolatzen duen eskola ligan parte hartzeko aukera izango dute.
Eskolaren aurkezpen ekitaldia
Datorren asteartean, irailak 18, aurkezpen ekitaldia egingo du El Sartenazo elkarteak Aritzmendiko padel pistetan, 18:30etik aurrera. Bertan, Padel Eskolari, egingo diren jarduerei, izen-emateei eta bestelako gaiei buruzko informazio zabala eskainiko da.
Lotutako albisteak
Bazkideentzako jarduera bereziak eta doakoak kiroldegian
Zabalik egongo da 9:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 20:00etara, larunbat eta igandeak barne
Ermuak abenduaren 10ean lehen Kirol Gala egingo du eta leloa goiburukoa izango da