Mendiko Jardunaldien edizio berria antolatu du Artarraik

05.10.18
Gizartea

Ermuko Artarrai Mendi Taldeak jarduera programa zabala prestatu du herrian antolatu dituen Mendiko Kultur eta Kirol Jardunaldien edizio berrirako. Aurtengoa hamaseigarren edizioa izango da, eta urriaren 9tik 28ra bitartean garatuko dira ekimenak.

Asteartean, urriak 9, hasiko dira Jardunaldiak Alex Txikon mendizale ezagunaren eskutik. Honek bere esperientziak partekatuko ditu, eta Everestera neguan oxigeno artifizialik gabe egindako lehenengo espedizioaren inguruan mintzatuko da, argazkiez lagunduta. Hitzaldia 19:00etan hasiko da Lobiano Kultur Gunean, eta sarrera librea da aretoa bete arte.

Jardunaldien barneko hitzaldi eta ikus-entzunezkoen programari jarraiki, urriaren 18an, osteguna, Kilian Jornet: Path to Everest dokumentala eskainiko da. Film honek Kilian Jornet mendigoizalearen ibilbidea du erakusgai, bost urtetan munduko mendi ezberdinetan abiadura markak ezartzen saiatu baita. Txikitatik hasi eta Summits of my Life proiektua gainditu arte egindakoa izango da ikusgai, baina ibilbide profesionalaz gain, Kilianen alderik pertsonalena ere erakutsiko digu, bere beldur eta ilusioekin. Pelikula 20:30etik aurrera eskainiko da Ermua Antzokian, ohiko zineklub saioaren barnean.

Bestalde, Jardunaldien barnean mendira irteerak eta adin guztietarako kirol jarduerak ere prestatu dira. Urriko zubian zehar, 12tik 14ra, Picos de Europa mendatera irteera egingo da. Hurrengo txangoa urriaren 20an izango da, larunbata, eta Donibane Garazitik Orreagarako bidea egingo da oinez. Urriaren 27an, berriz, etxeko txikienen txanda izango da, eta Orbe Kardinala plazan kokatuko den txikirokodromoaz gozatzeko aukera izango dute 17:00etatik 20:00etara. Eta, azkenik, Jardunaldiei amaiera emateko, hilaren 28an, igandea, martxa zikloturista egingo da Ermua eta Elgeta artean.

Ekintza horietako edozeinetan parte hartu ahal izateko, ostegunetan 19:30etik 20:30era Artarrairen egoitzara joan beharko da (Teresa Murga eraikineko bigarren solairuan).

XVI. Mendi Jardunaldietako programa

Informazio gehiago behar izanez gero, jo ezazu Artarrai Mendi Taldearen blogera.

Lotutako albisteak

Imagen
02.12.25
Ermua Antzokiak aurtengo lau estreinaldi eskainiko ditu

Aste honetan "Bugonia", "Los Tigres", "Die, my love" eta "Cuerpos locas" proiektatuko ditu.
Imagen
02.12.25
Kirola beti; baita Gabonetan ere

Bazkideentzako jarduera bereziak eta doakoak kiroldegian
Imagen
01.12.25
Ermua Antzokiak eta Lobianok 19 ikuskizun eskainiko dituzte datorren urtarriletik maiatzera bitartean

Programazioa askotarikoa da eta musika, antzerkia, umorea, dantza, zirkua eta familia ikuskizunak biltzen ditu