Aitor Hernandezek bi garaipen berri eskuratu ditu ziklokross denboraldian

15.10.18
Kirolak

Aitor Hernandez txirrindulari ermuarrak (Specialized-Ermua Impulso) ziklokross kategorian garaipenak eskuratzen jarraitzen du, eta beste bi lasterketa irabazi ditu asteburu luze honetan.

Ostiralean, urriak 12, Urduña Hiria Ziklokross Sari Nagusiko garaile izan zen Aitor Hernandez, euskal lasterketen denboraldiko lehenengo proban. Aurreikusita zegoen moduan, euririk ez zuen egin ostiralean, eta eguraldi onari esker, Urduñako ibilbide tekniko bizkorrean jaun eta jabe izan zen Aitor Hernandez. Ermuarrak bigarren sailkatuari, Ismael Estebani, 40 segundo baino gehiagoko tartea atera zion. Xabier Murias izan zen hirugarren, eta 23 urtez azpikoen kategorian irabazle.

“Lasterketa oso azkarra izan da eta ongi sentitu naiz, uneoro oso sentsazio onekin. Garaipenak eskuratzen jarraitzea ona da beti, eta denboraldi hasiera ezinhobea izaten ari dela uste dut”, azaldu zuen Hernandezek lasterketa amaitu ostean.

Bestalde, igande honetan, urriak 14, III. Encuentro de Caminos ziklokrossean ere irabazle izan da Hernandez. Burgosko Aldundiaren zirkuituko lehenengo proba izan da hori, eta Fresno de Rodilla herrian lehiatu da.

Euria dela eta astun egin den zirkuituan jokatu da lasterketa. Burgosko ibilbide teknikoari esker, bakarrik ihes egiteko aukera izan du Hernandezek bigarren itzulitik aurrera, eta Xabier Muriasen eta Martin Mataren aurretik iritsi da helmugara.

“Berriro ere sentsazio oso onak izan ditut, Urduñakoarekin alderatuta oso lasterketa desberdina izan den arren: lokatza, euria, ibilbide irristakorra eta hotza. Gustura nago garaipenak lortzen jarraitzeaz, eta denboraldia horrela hasteak konfiantza ematen dit aurretik dudan guztiari begira. Datorren asteburuan Burgosen izango naiz berriro, Aldundiaren Txapelketako beste bi probetan lehiatzeko, eta lidergoa mantentzen saiatuko naiz”, adierazi du Hernandezek Fresno de Rodillako lasterketa amaitzean.

Bi garaipen horiekin, lehiatu diren hiru probatik hiru irabazi ditu Hernandezek 2018/2019 ziklokross denboraldian. Hurrengo lasterketak asteburuan izango dira Burgosen: larunbatean, hilak 20, Medina de Pomarren eta igandean, 21, Villarcayon.

Lotutako albisteak

Imagen
02.12.25
Kirola beti; baita Gabonetan ere

Bazkideentzako jarduera bereziak eta doakoak kiroldegian
Imagen
Personas usuarias en la instalación
31.10.25
Kiroldegiak neguko ordutegia izango du asteburu honetatik Aurrera

Zabalik egongo da 9:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 20:00etara, larunbat eta igandeak barne
Imagen
14.10.25
Ermua: pertsona aktiboak, hiri osasuntsua

Ermuak abenduaren 10ean lehen Kirol Gala egingo du eta leloa goiburukoa izango da