Aitor Hernandezek Burgosko Aldundiko Sari Nagusia irabazi du
Ziklokrosseko 2018/2019 denboraldia ezinhobeto hasi da Aitor Hernandez txirrindulariarentzat (Specialized-Ermua Impulso), eta Burgosko Aldundiaren Sari Nagusiako sailkapen orokorrean garaipena eskuratu du pasatu den asteburu honetan.
Fresno de Rodillako Encuentro de Caminos III. Ziklokrossean irabazi ostean, proba osatzen duten beste bi lasterketak ere mendean hartu ditu txirrindulari ermuarrak, Medina de Pomarren eta Villarcayon.
Medina de Pomar XV. Ziklokross lasterketa, Burgosko Aldundiaren Sari Nagusiko bigarren proba, denboraldiko laugarren garaipena izan da Aitor Hernandezentzat. Larunbat honetan lehiatu den proban tarte oso estuarekin izan da irabazle ermuarra, eta Ivan Feijoo eta Xabier Murias 23 urtez azpikoak izan ditu atzetik podiumean, bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren.
“Oso lasterketa bizia izan da, zirkuitu oso teknikoarekin, eta gazteek ez didate batere erraztasunik eman. Ivan eta Xabi oso ongi aritu dira, eta ziklokrossaren garapenerako ona da gazteak maila onean irabazteko lehiatzen izatea. Lasterketa erdian aurrea hartu dut, baina Ivan eta biok pare-parean ibili gara amaierara iritsi arte; beraz, gustura nago azken metroetan irabaztea lortu izanaz. Batzen jarraitzen dut, sentsazio onekin, eta lau lasterketatatik lau irabaztea ederra da”, azaldu zuen Hernandezek proba amaitzean.
Igandean, aldiz, Villa de Villarcayo Ziklokrossean nagusi izan zen ermuarra, Burgosko Aldundiaren Sari Nagusiko hirugarren eta azken proban. Ibilbide lehorraren gainean azkarrena izan zen Hernandez hasieratik bertatik, eta 15 segundoko aldearekin iritsi zen helmugara, Martin Mataren eta Ivan Feijooren aurretik.
“Asteburua baino lehen argi nuen helburua Medinan eta Villarcayon irabaztea zela, beraz, argi dago xedea bete dudala. Bost lasterketa eta bost garaipen balantze ona da, baina badakit denboraldia luzea dela eta astero astero aurrean izateko lehiatu behar dela. Datorren asteburua oso garrantzitsua izango da, C1 UCI kategoriako bi lasterketa izango baitira Euskadin -Laudion eta Elorrion-, beraz, ahalik eta ondoen egoten saiatuko naiz ohiko aurkarien aurrean, oso maila altuan baitaude”, adierazi zuen ermuarrak Burgosen nagusi izan ostean.
Lotutako albisteak

Erkidegoko 50 udalerrien arteko lehiaketa birtuala maiatzaren 19tik ekainaren 8ra

Maiatzaren 6tik 27ra bitartean bost saio egingo dira herriko klubetako gazte, familia, entrenatzaile eta teknikariekin

Txapelketak izaera ludikoa izango du, ekainean jokatuko eta izen-emateak maiatzaren 20ra arte egin daitezke