Euskaraldia: 11 egunez euskaraz
Datorren azaroaren 23an, ostirala, Euskaraldia hasiko da Euskal Herri osoan, euskaraz hitz egin eta ulertzen duten herritarren arteko hizkuntza ohituren aldaketan lan egitea eta era guztietako entitateek euskara bultzatu ahal izateko neurriak hartzea helburu duen egitasmoa.
Hainbat instituzio eta gizarte eragilek elkarlanean aurkeztu dute euskal hiztunak aktibatzeko proiektu hau. Horrekin, hamaika egunez, azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte, euskaraz hitz egiten duten edo ulertzen duten pertsonak hizkuntza horretan harremantzera animatu nahi dira.
Egitasmo berritzaile honetan bi rol egongo dira parte-hartzaileentzat:
- Ahobizi: euskaraz hitz egingo diet ulertzen duten guztiei, haiek gazteleraz erantzun arren, eta ezagutzen ez ditudan pertsonei lehen hitza euskaraz egingo diet.
- Belarriprest: euskaraz dakiten guztiei nirekin euskaraz aritzeko gonbitea luzatuko diet. Euskara ulertzen dudala adieraziko diet eta nirekin euskaraz hitz egiteko eskatuko diet; nik euskaraz edo erdaraz erantzungo dut.
Ekimen honen helburua gure harremanetan hizkuntzarekin ditugun inertziak astintzea eta uste baino gehiagotan euskarazko komunikazioa posible dela frogatzea da. Horrela, parte hartzen duen pertsona bakoitzak bere inguruan eta bere ohiko harremanetan euskara erabili dezan bultzatu nahi da: familian, lagunekin, lanean, eskolan, dendetan…
Ermuak ere bat egingo du egitasmo honekin, eta 16 urtetik gora dituzten eta euskaraz hitz egiten edo ulertzen duten guztiek parte hartu dezakete Euskaraldian. Baldintzak betez gero, webgune honetan eskaera bete eta rola aukeratu beharko da: Ahobizi edo Belarriprest. Izena ematen duten pertsona guztiek euren rola adieraziko duten txapak eramango dituzte soinean azaroaren 23tik abenduaren 3ra.
Informazio gehiago behar izanez gero, ikus ezazu Euskaraldiaren webgunea edo egitasmoaren Ermuko bloga.
Lotutako albisteak

Maiatzaren 15etik 25era egingo da euskararen erabilera aktibatzeko gizarte mugimendua

Bi egunez bisitan etorri dira herria berroneratzeko eta hazkunde demografikoari buruzko esperientzia ezagutzera

Udalekuak ekainaren 23tik uztailaren 18ra bitarteko laur asteetan gauzatuko dira. Izen emateak zabalik maiatzaren 7tik