Aitor Hernandezek top-10ean amaitu du asteburua
Aitor Hernandez txirrindulariak (Specialized-Ermua Impulso) hiru lasterketa gogor jokatu ditu asteburu luze honetan, eta garaipen bat, bederatzigarren eta hamargarren postuak eskuratu ditu.
Ostegunean, azaroak 1, Legazpiko VIII. Ziklokrosseko irabazle izan zen Hernandez, Euskal Federazioaren egutegiko laugarren proban. Txirrindulari ermuarra Javier Ruiz de Larrinagaren eta Xabier Muriasen aurretik izan zen Gipuzkoan, azken egunetan izandako euriek sortutako lokatzak utzitako ibilbide oso teknikoan.
Denboraldiko seigarren garaipena bakarrik lortu zuen Hernandezek, Larrinaga baino 50 segundo lehenago iritsi baitzen helmugara, Hirugarren itzulitik aurrera ihes egin zuen Specialized-Ermua Impulso taldeko kirolariak, eta handik aurrera gero eta alde handiagoa atera zien aurkariei.
“Lasterketa oso polita izan da, zirkuitu lokaztu, pisutsu eta teknikoan. Zubi honetako probak hasteko modu ona izan da, etxean garaipenak eskuratzea beti garrantzitsua izaten baita; gainera, nazioarteko lasterketei begira, motibazio gehiago ematen du”, azaldu zuen Hernandezek proba amaitzean.
Larunbatean, hilak 3, Joan Soler Trofeoa (C2 UCI) lehiatu zuen ermuarrak Manlleun (Bartzelona), eta bederatzigarren postuan iritsi zen helmugara. Vincent Baestaens izan zen garaile zirkuituan, eta Hernandezek Legazpiko esfortzua ordaindu zuen; nazioarteko lasterketa honetako top-10 sailkapenean sartu zen arren, ezin izan zuen aurreko postuetan egon.
“Proba zaila izan da, bai ibilbideagatik, baita atzerriko kirolarien partaidetza altuagatik ere. Oso zirkuitu azkarra eta teknikoa izan da, baina hala ere aurrera egitea ez da erraza izan, nahi bezain azkar joatea eragozten zuen lokatza ugari baitzegoen. Freskura falta izan zait, batez ere kurben ostean abiadura hartzean”, zioen Hernandezek lasterketaren ostean.
Azkenik, igandean, azaroak 4, Viceko (Bartzelona) Nazioarteko Ziklokrossean lehiatu da ermuarra, eta hamargarren postua eskuratu du, Felipe Orts irabazlea baino minutu bat eta 44 segundo beranduago iritsita.
Lasterketa osoan zehar, lehenengo bost postuetan sartzeko borrokan aritu zen Hernandez, baina hasierako erritmo gogorrak min egin zion azken bi itzulietan.
“Manlleun baino sentsazio hobea izan dut, eta lasterketa osoan zehar indartsu joan naiz hirugarrenetik hamargarrenera zioan taldetxoan; azken bi itzulietan, ordea, ahuldu egin naiz. Dena dela, zubi honetako balantzea positiboa da, Euskadin garaipen batekin eta UCI lasterketetan birritan top-10ean sartuta. Kataluniako lasterketak maila oso altukoak izan dira, partaidetza handikoak, eta horrek datozen probei begira hobeto prestatzen lagunduko didala espero dut”, esan zuen Hernandezek.
Asteburu honetan, Karrantzan C2 UCI mailako proban lehiatuko da txirrindulari ermuarra.
Lotutako albisteak

Erkidegoko 50 udalerrien arteko lehiaketa birtuala maiatzaren 19tik ekainaren 8ra

Maiatzaren 6tik 27ra bitartean bost saio egingo dira herriko klubetako gazte, familia, entrenatzaile eta teknikariekin

Txapelketak izaera ludikoa izango du, ekainean jokatuko eta izen-emateak maiatzaren 20ra arte egin daitezke