Aitor Hernandez, birritan garaile Kantabrian

19.11.18
Kirolak

Aitor Hernandez ermuarrak (Specialized-Ermua Impulso) bi garaipen eskuratu ditu asteburu honetan Kantabrian lehiatu dituen bi lasterketatan. Herriko txirrindularia bizkorrena izan da bai Torrelavegan, baita Colindresen ere.

Larunbatean, hilak 17, Ciudad de Torrelavega Ziklokrossaren bosgarren edizioan izan zen Hernandez, eta denboraldiko zortzigarren garaipena eskuratu zuen bertan. Hurrengo egunean, igandea, azaroak 18, kirolari ermuarra Colindreseko XV. Ziklokross Sari Nagusian lehiatu zen, eta han ere nagusi izan zen. Bi probetan, hasiera-hasieratik izan zen lasterketa-buru Hernandez, eta bietan bakarrik iritsi zen helmugara.

“Asteburua baino lehen esan nuen bi lasterketa horietan balio zuen emaitza bakarra garaipena zela, eta horren bila atera naiz. Oso harro nago egindako lanagatik, beti garrantzitsua izaten baita emaitza onak lortzea, lasterketa edonon dela ere. Orain arte denboraldia oso ongi doa, bederatzi garaipenekin eta hanketan oso sentsazio onekin. Asteburu oso interesgarriak ditut aurretik, beraz, maila mantentzea eta pixkanaka forma hobea lortzea espero dut”, azaldu zuen Hernandezek asteko bigarren lasterketa irabazi ostean.

Txapelketako lehenengo hilabete eta erdi honetan, Aitor Hernandezek bederatzi garaipen eskuratu ditu: Los Corrales de Buelna, Urduña, Fresno de Rodilla, Medina de Pomar, Villarcayo, Legazpi, Arbulu, Torrelavega eta Colindres.

Asteburu honetan, beste bi lasterketatan parte hartuko du Hernandezek, oraingoan etxetik hurbil: larunbatean Zamudion eta igandean Lezaman.

Lotutako albisteak

Imagen
Espacio termolúdico y de spa en la piscina del polideportivo de Ermua
10.02.26
Mantentze lanak egingo igerileku txikian, span, lurrun-bainuan eta saunan

Igande arratsetik asteazkenera bitartean zerbitzuz kanpo egongo eta ezin izango dira erabili
Imagen
03.02.26
‘Minbiziaren Kontrako Mundu Egunean' arreta gizatiarragoa eta integralagoa aldarrikatuko

Herriko bolondresak informazio mahaia, Ermua KEko taldeetan besokoa eta argiztapen berde berezia Antzokian eta udaletxean
Imagen
05.12.25
Aurten sarituak izango diren kirolari eta kluben zerrenda ezagutu nahi?

Herriko elkarteen artean bozketa bidez hautatutakoak Kirolaren I. Galan omenduak izango dira