Dibertsioa bermatuta dago Gabonetako Haur Parkean
Gabonetako Haur Parkeak asteazken honetan, abenduak 26, zabaldu ditu ateak beste urte batez, astebete baino gehiagoz dibertsioa eta entretenimendua eskaintzeko. Miguel Angel Blanco udal kiroldegiko pistan kokatu da aurten ere parkea, Ermuko Udaleko Kultura Sailak antolatuta Udal Kirol Erakundearen laguntzarekin.
2 eta 12 urte arteko ume eta gaztetxoei zuzenduta dago ekimena, eta puzgarriak, tailerrak, jolasak, ludoteka, bideojokoak, jumpinga eta ohe elastikoak topatu daitezke bertan, besteak beste. Parkea eremu ezberdinetan banatuta dago, adinaren arabera sailkatuta eta txikienentzat espresuki babestuta. 14 begirale arduratzen dira neskato-mutikoen segurtasuna eta ongizatea bermatzeaz.
Parkea egunero 11:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara egongo da zabalik datorren urtarrilaren 4ra arte, ostirala, egun hori barne. Abenduaren 31n goizez soilik irekiko da parkea, eta Urte Berri egunean, aldiz, urtarrilaren 1ean, itxita egongo da.
Sarrerak bi euro balio ditu, aurreko urteetan bezala, eta goiz eta arratsalde, egun osorako balio du.
Gehienezko edukiera: 450 pertsona
Segurtasun arrazoiak direla-eta, ezin izango dira 450 pertsona baino gehiago batera bertaratu, hori baita aurreikusitako gehienezko edukiera norbere babeserako planaren arabera. Haur eta gazteen parte hartzea lehenetsiko denez gero, umeko heldu bakarra besterik ez da onartuko.
Gehienezko edukiera izaten den bakoitzean, inor gehiago ezin izango da sartu eta eraikinaren kanpoan itxaron beharko dute pertsonak aretoa libratu bitartean.
Parketik irteteko sarrera erakutsi beharko zaio sarrerakoei, horiek ordua idatziko dutelarik ticketean. Irten eta 10 minutu baino lehenago bueltatzen den kasuetan, pertsonak ez du ilara gorde beharko. Aldiz, denbora gehiagoz ateratzen dena, lekua izan artean itxaron beharko du bueltan.
Halaber, adin txikiren baten bila doazen pertsonek zain egon beharko dute parkera sartzeko, edukiera gainditua izaten bada. Gehienezko pertsona kopuruaren azpitik bueltatzean sartu ahal izango dira.
Azkenik, kontutan hartu haurren gurditxoak tolestuta utzi beharko direla, horretarako gorde eta adieraziko den leku zehatzean, korridore eta ebakuazio bideak libre daudela ziurtatzeko.
Lotutako albisteak

Bi aste jardueraz lepo! Izen emateak maiatzaren 21eatik ekainaren 4ra, biak barne

Maialen Calderonek eta Marta Fernandezek irekiko dituzte jaiak eta kartela egile katalan batena da

Antzokian, ostiralean, 20:30ean. Sarrera 8 euro balio du