Bi minipuntu garbi izango ditugu Ermuan aste honetatik aurrera
Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak bi “minipuntu garbi” edo garbigune txiki kokatuko ditu asteazken honetan, urtarrilak 16, Ermuan. Bertan, kaleko ohiko edukiontzietan utzi ezin diren materialak birziklatzeko aukera izango dugu.
Ekimen honen helburua herritarrei hondakinak uzteko erraztasunak ematea da, puntuak batuz eta gehiago birziklatuz, eta gainera, etxetik hurbil; izan ere, gaur egun hainbat material birziklatu ahal izateko garbigune batera gerturatu behar izaten da.
Bi edukiontzi izango ditugu herrian: bata Diputazio kalean, Merkatu plazaren albo batean, eta bestea Izelaieta kaleko 21 zenbakian, San Antonio okindegiaren aurrean.
Zer birziklatu daiteke minipuntu garbietan?
Herrian izango ditugun garbigune txikietako bakoitzak hamalau konpartimentu izango ditu: zortzi kutxa txiki eta sei ontzi handi. Kutxatila txikietan telefono mugikorrak, Cdak eta DVDak, bonbillak, aerosolak, bateria txikiak, pilak, telefono kargagailuak eta erradiografiak utzi daitezke, bakoitza bere lekuan, edukiontziak markatzen den bezala.
Bestalde, 80 eta 120 litro arteko sei ontzi handietan honakoak bota daitezke:
- Kable elektrikoak eta txatarrako bolumen txikia
- Etxetresna elektriko txikiak, esaterako, lisaburdinak eta txigorgailuak
- Bigarren ontzi bat etxetresna elektriko txikientzat
- Ordenagailu eramangarriak, bideokontsolak eta bideojokoak
- Gehienez ere 10 litroko edukiera duten pintura ontziak
- Inprimagailu kartutxoak
Aste honetan zehar informazio eskuorriak banatuko dira herriko etxebizitza guztietan, herritarrek edukiontzi berezi horietan utzi daitekeenaren inguruan informazio gehiago izan dezaten.
Eskuorria kontsultatzeko, sakatu hemen.
Lotutako albisteak

Eraginkortasun energetikoa hobetzeko eta eraikinaren kontsumoa optimizatzeko urrats bat gehiago da

Ermuak bat egingo 2025 Planetaren Orduarekin eta bihar argiak itzaliko ditu 20:30etatik 21:30etara

Apirilaren 2tik aurrera txartel marroi berri bat beharko dugu Ermuan hondakin organikoak bota ahal izateko