Berdintasun Kontseiluak lanari berrekingo dio asteazken honetan
Ermuko Berdintasun Kontseilua, Udaleko berdintasun politiken kontsulta organo parte-hartzailea, lanari ekiteko prest da jada, Gabonetako atsedenaldiaren ostean. Urteko lehenengo bilera asteazken honetan izango da, urtarrilak 30, 17:00etatik 19:00etara Emakumeen Topalekuan.
Bilera horietan parte hartzeak emakumeen, emakume taldeen eta elkarte feministen arteko topaketa errazten du. Saio bakoitzean taldeen arteko koordinazio lana egiten da, eta berdintasun alorrean elkarteek nahiz Udalak antolatutako ekimenen inguruko informazioa ematen da.
Kontseiluan parte hartu ahal izateko ez da beharrezkoa izena ematea, baina komenigarria da Berdintasun Alorrari jakinaraztea hileroko bileretara joateko asmoa, saioak hobeto antolatu ahal izateko.
Berdintasun Kontseilua hilean behin biltzen da (uztailean eta abuztuan izan ezik) Ermuko emakumeen partaidetza demokratikoko organo nagusi gisa bere helburuak finkatu eta betetzeko. Elkarteen, emakume taldeen eta entitateen bitartez emakumeen parte-hartzea bultzatzen du herriaren garapen politiko, sozial, lan-arloko, ekonomiko eta kulturala sustatzeko.
Gainera, pertsonen arteko berdintasunaren baloreak zabaltzen ditu, eta emakumeen eskubideak eta interesak defendatzen ditu, euren arteko bat-egiteak babestuz eta administrazioari beharrezko neurri politikoak proposatuz, ongizatea eta bizi kalitatea hobetzeko.
Kontseiluak sentsibilizazio jarduerak eta kanpainak ere bultzatzen ditu herrian, esaterako, Emakumeen Nazioarteko Egunean (martxoak 8) eta Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean (azaroak 25).
Lotutako albisteak
Kultura eta indarkeria sexistaren aurkako 20 bideo aurkeztu dira aurtengo lehiaketara
Azaroak 25: herritarren elkarretaratzea, adierazpen instituzionala eta mobillizazio feminista
Indarkeria matxistaren aurkako Nazioarteko Egunean elkarretaratzea egingo da eguerdian plazan