Make It Own, sormenaren iraultza
Ermuko Udalak urteak daramatza enpresa jarduera berriak babesten eta bultzatzen, batez ere, kalitatezko enplegua sortzen duten eta teknologia berrietan oinarritzen diren ekimenak izanik, herriari balio erantsia gehitzen diotenak. Izarra Centreko enpresen haztegian kokatzen da MIO – Make It Own enpresa berria, komunikazio bisualeko estudio gazte eta balioanitzekoa.
Bi pertsonak osatzen dute MIO, Itsasne Garatek eta Oihane Perezek, eta markak irauli, eraberritu eta esperientzia harrigarri bihurtzeko lan egiten dute; horrela, irudimenarekin jolastera ausartzen diren bezeroentzat proiektu erakargarriak sortzen dituzte. Sormenezko zerbitzuak eskaintzen ditu enpresak, eta freskotasunarekin, arreta eta dedikazioarekin, bezeroen emaitzan hobetzen dituzte; beraz, gelditzeko etorri den estudioa da.
Make It Ownek bezero ugari bildu ditu jada, tartean, Izarra Centren kokatzen diren enpresak, ekimen pribatuak, industria enpresa taldeak eta erakunde publiko nahiz pribatuak. Enpresa jardunaldi edo ekitaldiak ere antolatzen ditu MIOk, lankidetza bultzatzeko eta ekintzaile berriei babesa emateko asmoarekin. Cada Loco con su tema dute izena ekitaldiok, eta birritan burutu dira Izarra Centren. Formatu ezberdinetan antolatu dira, eta alor ezberdinetako dozenaka pertsona hurbildu dira bietara.
Bizkaiko Foru Aldundiak kofinantzatzen duen Sprint INN proiektuan ere parte hartu du MIOk, Bizkaia Lehiakorra ekimenaren barnean. Bertan daude, era berean, Ermuko Udala, Azaro Fundazioa, AED eta Bermeoko eta Gernikako Udalak. Prozesu horretan, Madrilgo Google Campusa ikusteko aukera izan du enpresak, eta bertatik bertara Tetuan Valley negozio guneko start-up-ak bultzatzeko prozesua (Design Sprint) ezagutu du.
MIO Izarra Centreko enpresen haztegian kokatzen da, eraikineko bigarren solairuan, eta bertako beste enpresekin lankidetzan aritzen da. Estudioaren asmoa garatzen eta hazten jarraitzea da, sormen eta publizitate zerbitzuen eskaintza zabaltzeko eta enpresei euren izaera islatzen laguntzeko, mugarri izan daitezkeen proiektuen bitartez.
Informazio gehiagorako, ikus ezazu Make It Ownen webgunea edo idatzi mezu bat hola@makeitown.com helbidera.
Lotutako albisteak

Enplegu-agentzia da irtenbidea; doako bitartekaritza-zerbitzua da, zeina hobetu egin duen

Kualifikaturik dauden pertsonentzako programa, enplegurako bi ibilbide dituena

Jardunaldiak ekainaren 11n eta 12an egingo dira Izarra Centren