‘Europari buruz hitz egin zure hirian’ ekimena izango dugu Ermuan

18.02.19
Gizartea

Europari buruzko proposamenak, ideiak, zalantzak eta galderak izango dira nagusi gure herrian asteazken honetan, otsailak 20, Habla de Europa en tu ciudad edo Europari buruz hitz egin zure hirian ekimenaren eskutik. Europako Erakundeek antolatutako hiritarrentzako eztabaida irekiak dira, biztanleriaren ahotsa entzun eta Europaren etorkizuna eraikitzeko bidean gizartearen nahiak identifikatzeko.

Europako Batzordeak eta Parlamentuak bultzatutako ekimen honek 30.000 biztanletik beherako 30 herri igaro ditu jada, tamaina ertaineko herriei ahotsa emateko. Ermua izango da Euskadiko lehenengo geltokia, eta Bizkaiko bakarra.

Ekimen honen bitartez, hiritarrek zuzenean parte hartu dezakete kide diren herrialde guztien arteko eztabaida irekietan, Europaren etorkizuna elkarrekin eraikitzeko. Komunitateko erakundeak hiri handietatik ateratzen dira horrela, herri ertainek eta landa inguruek esateko dutena entzuteko.

Asteazken honetan, otsailak 20, bi ekitaldi izango ditugu Ermuan:

  • Café con Europa: ekimen honetan, gazte ermuarrek Europako Batzordearekin eta Parlamentuarekin bat egiteko aukera izango dute 12:30etik 14:00etara Izarra Centreko auditorioan. Parte-hartzaileek Europaren inguruan dituzten ideiak, proposamenak eta galderak partekatzeko aukera izango dute Teresa Frontánekin -Europar Batzordeko Komunikazio arduraduna Espainian-, Juan Carlos Abascal Ermuko alkatearekin eta Beatriz Gamiz Gazteria, Kultura eta Berdintasun zinegotziarekin. Lehenengo topaketa honek izaera informala du, eta gazteek zehaztuko dute saioaren norabidea euren galderekin. Europaren inguruko zalantzak modu eroso eta lasaian argitzeko balioko du, baita ekonomiari, politikari, gizarteari, kulturari edo ingurumenari lotutako gaiak azaltzeko ere. Gainera, sari ezberdinak zozketatuko dira: bizkarzorroak, katiluak, kamisetak eta Bruselara bidaia. Izen-ematea lotura honetan bete daiteke.
  • Futuro de Europa: jardunaldiaren bigarren zatia 18:00etan hasiko da Lobiano Kultur Guneko auditorioan. Helduei zuzendutako eztabaida izango da honakoa, baita elkarte eta herriko taldeei ere. Egunerokotasun eta garrantzi handiko gaiak jarriko dira mahai gainean, hala nola, Brexita eta horren ondorioak, populismoa, migrazio krisia, gizarte eskubideak, klima aldaketa, nekazaritzari ematen zaizkion laguntzak, turismoa eta komunikazioak. Izen-ematea hemen bete daiteke.

Eztabaida biek funtzio pedagogikoa dute, Europar Batasuna azaltzeko eta hobeto ulertarazteko lagungarriak baitira, eta era berean, Europak hiritarrei hobeto erantzuteko proposamenak jasotzen dira.

2019ko maiatzaren 23tik 26ra bitartean Europako Parlamenturako hauteskundeak izango ditugu 27 herrialde kideetan. Erresuma Batuak parte hartu gabe egingo diren lehenengo bozak izango dira, eta datozen hamarkadetako Europa zehazteko une garrantzitsua izango da.

Lotutako albisteak

Imagen
16.05.25
Ziurgabetasunak eragiten al dio talentuari? Zenbateraino? Enpresa edo herri-administrazioetan maila berdinean?

Gai horiek jorratuko dira ekainaren 11 eta 12ko Ermua TalenTIC 2025 jardunaldietan, Izarra Centre-n
Imagen
16.05.25
M17: LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Eguna

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek sentsibilizazio kanpaina hartuko dute datorren astean
Imagen
16.05.25
Ivan Repila idazleak amaiera emango dio irakurketa klubari, saio irekian

Asteazkenean, hilaren 21ean, 19:00etan, izango da Lobiano Kulturgunean