11 pertsonak amaitu dute Ermuko Udaleko enpresa kudeaketa ikastaroa
Zazpi gizonek eta lau emakumek parte hartu dute Ermuko Udaleko Toki-Garapen Alorrak Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetzan antolatutako Enpresa Kudeaketa ikastaroan. Otsailaren 18tik 25era bitartean, 30 orduko formazioa jaso dute parte-hartzaileek, enpresa plana eta ekonomia eta finantza ikerketa egin ahal izateko.
Bi atal horiek beharrezkoak dira Aldundiak autoenplegua sustatzeko eskaintzen dituen diru-laguntzak eskuratzeko. Onuradun pertsonako 5.000 euro eta entitate eskatzaile bakoitzeko gehienez 15.000 euro eskuratu daitezke programa horren bitartez.
Laguntza horien helburua langabezian edota baztertze arriskuan dauden pertsonek enpresa txikiak eta autoenplegu proiektuak sortzea eta abian jartzea da.
Enpresa Kudeaketako ikastaroa Ermuko Udaleko Toki-Garapen alorreko teknikariek eskaintzen dute, eta Izarra Centreko enpresen haztegian dauden langileek ere parte hartu dute formazioan. Kasu honetan, MIO Make It Own enpresako kideek ekintzaile berriei orientazioa eskaini diete, euren ibilbidetik eta esperientziatik abiatuta, ikasleei euren marka sortzen lagunduz.
Izarra Centren eskaini den taldeko formazioaren ostean, parte-hartzaile bakoitzak banakako aholkularitza saioak izango ditu.
Ikastaroan parte hartu duten 11 ekintzaileetatik gehienak ermuarrak dira, eta sortutako negozio ideiak oso desberdinak izan dira: mekanizatua, argazkilaritza, ostalaritza, iturgintza, energia berriztagarriak, fisioterapia, kanperizazioa eta furgoneten pertsonalizazioa, e-commerce eta musika instrumentuen pedalen fabrikazioa eta salmenta. Gehien hautatutako forma juridikoa pertsona fisikoa izan da, eta jarraian, ondasunen komunitatea eta sozietate mugatua.
Ikastaro honek Ermuan izan ditzakeen edizio berrien inguruko informazioa jasotzeko, idatzi ezazu dl@udalermua.net helbide elektronikora.
Lotutako albisteak

Enplegu-agentzia da irtenbidea; doako bitartekaritza-zerbitzua da, zeina hobetu egin duen

Kualifikaturik dauden pertsonentzako programa, enplegurako bi ibilbide dituena

Jardunaldiak ekainaren 11n eta 12an egingo dira Izarra Centren