Izen-emateak zabalik Emakumeen Topalekuko ikastaro berrietan parte hartzeko
Ermuko Emakumeen Topalekuak hiru formakuntza ikastaro berri antolatu ditu maiatzerako, Jabekuntza Eskolaren barnean. Ekimen horietan parte hartzeko izen-emateak zabalik daude, eta Topalekuan bertan burutu daitezke.
Ekintza horien helburua emakumeak ahalduntzea da, nahiz eta kasu batzuetan jarduerak emakume nahiz gizonei zuzenduak izan. Xederik behinena berdintasunaren alorrean hiritar guztiak sentsibilizatzea da.
Emakumeen Topalekuan garatuko den lehenengo ikastaroa Menstruapp aplikazioari buruzko tailerra izango da. Lau orduko ikastaro honetan, parte-hartzaileek hileko kontzienteari eta mugikorretako aplikazioei buruz hitz egingo dute. Aplikazio horien bitartez, zikloa erregistratu daiteke, baina komenigarria da terminologia menperatzea eta pribatutasun politikak eta marketing estrategiak ezagutzea, modu analogikoan “erregistratzen” ikasteko eta praktikan jartzeko. Tailerra maiatzaren 4an, larunbata, 10:00etatik 14:00etara izango da Emakumeen Topalekuan, eta izen-ematea 5 eurokoa da.
Ikastaro horren aurretik, parte hartu nahi duten adin txikiko pertsonen guraso, senitarteko edo tutoreentzako aurkezpen saioa egingo da, tailerrean landuko diren gaiak azaltzeko. Aurkezpena maiatzaren 3an izango da, ostirala, 18:00etatik 20:00etara.
Maiatzeko bigarren formazio saioa Emakume heroiak zineman eta telesailetan tailerra izango da. Bertan, filmen eta telesailen zatiak ikuskatuko dira, emakume horiek eraikitzen dituzten pertsonaiak ezagutzeko. Horien bitartez, ikus-entzunezkoetako emakumeen paper berriak aztertu eta jorratuko dira. Bi egunetan banatuko da ikastaroa: lau ordu ostiralean, maiatzak 10 (16:30etik 20:30era) eta beste lau ordu larunbatean, hilak 11 (10:00etatik 14:00etara). Maria Castejon izango da irakaslea, eta Emakumeen Topalekuan burutuko da tailerra. Matrikula 5 eurokoa izango da.
Azkenik, maiatzaren 25ean, larunbata, Pelvic Floor Fest ikastaroa eskainiko da. Tailer horretara hurbiltzen diren emakumeek beren burua ezagutu ahalko dute, zer gertatzen zaien ikusi eta zergatik, etxean beren kontura zer egin dezaketen ikusi, bakoitzak bere erritmora, goiz oso bat eurentzako hartu, auto-zaintza eta auto-ezagutzari garrantzia emanez eta beste emakumeekin esperientziak elkartrukatuz: hilekoa, menopausia, inkontinentziak, sexualitatea… Zoru pelbiko erraldoi bat irudikatzen duen murala margotuko da, sorpresaz beteriko jai giroan. Juncal Alzugarai eta Silvia Allende izango dira dinamizatzaileak, 10:00etatik 14:00etara Emakumeen Topalekuan. Izen-ematea 5 eurokoa da.
Informazio gehiagorako, kontsulta ezazu Topalekuaren mikrositea.
Lotutako albisteak

Udaleko Berdintasun Sailak Santixauen diagnostikoa egiteko inkesta jarri du abian maiatzaren 17a arte

Zerbitzu gehienak itxita egongo dira datozen jai-egunak tarteko

Ostiraleko 18:00etan, Lobiano Kulturgunean Zehar Errefuxiatuekin elkartearen "Entretejidas" proiektuaren baitan