Asteartean zabalduko da udalekuetarako izena emateko epea
Ermuko Udaleko Euskara Sailak udalekuen edizio berria aurkeztu du. Ekainaren 24tik uztailaren 12ra bitartean burutuko dira ekintzak, eta egitaraua aurreko urteetan proposatutakoaren antzekoa izango da. Lehen Hezkuntzako neska-mutilek parte hartu ahalko dute udalekuetan, eta izen-emate epea zabalik egongo da maiatzaren 7tik 14ra bitartean.
Ekimen honen helburua eskolaz kanpoko ekintzetan euskararen erabilera sustatzea da, parte-hartzaileen ongizatea eta entretenimendua bermatuz. Horretarako, jolasak eta ibilaldiak proposatzen dira, baita herritik kanpo gaua igarotzea ere, inguruko ohiturak eta paisaiak ezagutuz.
Izen-emateak asteartean hasiko dira, eta astebetez zabalik egongo dira. Aurtengo tasa 103,63 eurokoa da haur bakoitzeko; familia ugariko kide izanez gero (nahiz eta pertsona bakarra apuntatu) edo bi anai-arrebak parte hartuz gero, tasa 86,02 eurokoa izango da.
Eskaerak Ermuko Udalaren Egoitza Elektronikoaren bitartez bete daitezke; Abiapuntu bulegora ere jo daiteke, baina bide elektronikoa erabiltzea gomendatzen da, jende ilarak eta itxaronaldi luzeak ekiditeko.
Dagokion izen-emate orriaz gain, tasak helbideratzeko agindua ere behar bezala osatuta aurkeztu beharko da, agiri hori jada Udalari eman ez bazaio. Beharrezkoa den kasuetan, familia ugariaren ziurtagiria ere erantsi beharko da. Tasen kobraketa guztiak aldi berean egingo dira ekainaren 3an, astelehena. Egun berean ezagutaraziko da udalekuetako behin-betiko egitaraua, eta parte hartzaileei igorriko zaie, posta arruntez edo posta elektronikoz.
Informazio gehiago behar izanez gero, kontsulta ezazu Udalaren iragarki-ohola.
Lotutako albisteak

Maiatzaren 15etik 25era egingo da euskararen erabilera aktibatzeko gizarte mugimendua

Bi egunez bisitan etorri dira herria berroneratzeko eta hazkunde demografikoari buruzko esperientzia ezagutzera

Udalekuak ekainaren 23tik uztailaren 18ra bitarteko laur asteetan gauzatuko dira. Izen emateak zabalik maiatzaren 7tik