Aldaketak eta berrikuntzak Emakumeen Topalekuko ekintzetan

08.05.19
Berdintasuna

Ermuko Emakumeen Topalekuak kultur jarduera berriak aurkeztu ditu maiatzerako. Horien helburua emakumeak ahalduntzea da, nahiz eta kasu batzuetan jarduerak emakume nahiz gizonei zuzenduak izan. Xederik behinena, hortaz, berdintasunaren alorrean hiritar guztiak sentsibilizatzea da.

Lehenik eta behin jakinarazi nahi da duela aste batzuk iragarritako Emakume heroiak zineman eta telesailetan tailerra atzeratu egingo dela. Behin betiko datak maiatzak 31 (16:30etik 20:30era) eta ekainak 1 (10:00etatik 14:00etara) izango dira. Bertan, filmen eta telesailen zatiak ikuskatuko dira, emakume horiek eraikitzen dituzten pertsonaiak ezagutzeko. Horien bitartez, ikus-entzunezkoetako emakumeen paper berriak aztertu eta jorratuko dira. Maria Castejon izango da irakaslea, eta Emakumeen Topalekuan burutuko da tailerra. Matrikula 5 eurokoa izango da.

Maiatzaren 22an, asteazkena, Kafe-lila literarioa zikloa hasiko da, eta ekainaren 12ra arteko asteazkenero, 17:30etik 19:30era, berdintasunezko mundua imaginatzeko, diseinatzeko eta proposatzeko literatura sortzen duten emakumeak izango dira hizpide. Matrikula 5 eurokoa da, eta izen-emate epea zabalik dago.

Azkenik, maiatzaren 25ean, larunbata, Pelvic Floor Fest ikastaroa eskainiko da. Tailer horretara hurbiltzen diren emakumeek beren burua ezagutu ahalko dute, zer gertatzen zaien ikusi eta zergatik, etxean beren kontura zer egin dezaketen ikusi, bakoitzak bere erritmora, goiz oso bat eurentzako hartu, auto-zaintza eta auto-ezagutzari garrantzia emanez eta beste emakumeekin esperientziak elkartrukatuz: hilekoa, menopausia, inkontinentziak, sexualitatea… Zoru pelbiko erraldoi bat irudikatzen duen murala margotuko da, sorpresaz beteriko jai giroan. Juncal Alzugarai eta Silvia Allende izango dira dinamizatzaileak, 10:00etatik 14:00etara Emakumeen Topalekuan. Izen-ematea 5 eurokoa da.

Bestalde, Emakumeen Topalekuak Lagun Artean-Entreamigos GGKErekin elkarlanean dihardu Guatemaltecas: Voces de mujeres diversas que reclaman justicia proiektuaren barneko ekintzak antolatzen. Guatemalako eta munduko beste hainbat lekutako emakume anitzen borroka eta aldarrikapenen inguruan hiritarrak sentsibilizatzea da Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak finantzatutako proiektu honen helburua. Horretarako, bi ekimen antolatu dira Ermuan.

Lehenengoa zine-foroa izango da, eta bertan Almudena Carracedo zuzendariaren Made in L.A. dokumentala eskainiko da. Maiatzaren 10ean, ostirala, izango da saioa, 19:00etatik aurrera Lobiano Kultur Gunean. Silvia Carrizo Fernandez izango da bertan gonbidatu gisa, eta dokumentalari buruzko galderei erantzun eta filma hobeto ulertzen lagunduko du. Emmy sariaren irabazlea da Made in L.A., eta Latinoamerikako hiru emakume immigranteren nondik norakoak azaltzen ditu. Los Angeleseko esplotazio tailerretako jostunak dira, eta hiru urteko gorabeherak izango dituzte arropa denda ezagun batean oinarrizko lan aseguruak lortzeko. Zine zuzena eta intimoa da, eta borroka horrek hiru emakumeen bizitzan duen eragina erakusten du, esperientziak aldatzen dituen bitartean.

Horri lotuta, bigarren ekintza Emakumeen Topalekuan izango da maiatzaren 11n, 10:00etatik 15:00etara. Silvia Carrizo Fernandezek eskainiko duen formazio tailerra izango da, Mujeres en un mundo en movimiento: mujeres migrando izenburupean. Emakumeen migrazio prozesuak eta horien zergatiak izango dira hizpide, baita bakoitzaren atzean ezkutatzen diren bizitzak eta istorioak ere.

Bi ekintzak doakoak eta irekiak dira pertsona guztientzat, inolako bereizketarik egin gabe. Beharrezkoa da izena ematea, hobeto antolatu ahal izateko, info@lagungt.org helbidean edo Emakumeen Topalekuan (igualdad2@udalermua.net).

Informazio gehiagorako, kontsulta ezazu Topalekuaren mikrositea.

Lotutako albisteak

Imagen
16.04.25
Eraiki ditzagun Ermuko jaiak berdintasunetik

Udaleko Berdintasun Sailak Santixauen diagnostikoa egiteko inkesta jarri du abian maiatzaren 17a arte
Imagen
14.04.25
Aste Santuko ordutegi bereziak Udal instalazioetan

Zerbitzu gehienak itxita egongo dira datozen jai-egunak tarteko
Imagen
19.03.25
Elkarrizketa eta errezital poetikoa, Arrazagatiko Diskriminazioaren aurkako Nazioarteko Egunean

Ostiraleko 18:00etan, Lobiano Kulturgunean Zehar Errefuxiatuekin elkartearen "Entretejidas" proiektuaren baitan