‘Gu ere bertsotan’, ostegun honetan Ermua Antzokian
Lehen Hezkuntzako azken mailetako 169 ikaslek parte hartuko dute ostegun honetan, ekainak 6, Gu ere bertsotan izeneko jaialdian. Bertan, ikasturtean zehar bertsolaritza alorrean egindako lana aurkeztuko dute gaztetxoek.
Ermuko Bertso Topaketa proiektua Bizkaiko Bertsozale Elkartearekin elkarlanean garatu da herriko Lehen Hezkuntzako ikastetxe guztietan. Horri esker, ikasleek bertsolaritza klaseak jasotzeko aukera izan dute eskola orduetan, eta horien emaitzak harro erakusteko aukera izango dute ostegun honetan Ermua Antzokian.
Gaztetxoek zuzenean abestuko dute, eta atal batzuetan gitarra eta teklatuaren musika izango dute lagun. Gainera, Onintza Enbeita eta Eneko Arrate lehen mailako bertsolariak izango dira eurekin batera, duten abilezia eta esperientzia erakutsiz eszenatoki gainean.
Ekitaldia 17:30ean hasiko da, eta guraso eta irakasleek eraman beharko dituzte haurrak Antzokira. Gutxi gorabehera ordu eta erdiko iraupena izango du jaialdiak, eta sarrera doakoa eta librea da, bertsoez gozatu nahi duen edonorentzat.
2015/2016 ikasturtean abiatutako proiektu honen helburua ahozko komunikazioa lantzea da, horretarako bertsolaritzak eskaintzen dituen tresna eta baliabideak erabiliz. Bertsoek normaltasun linguistikoa bultzatu dezakete, haur eta gazteen artean euskarari balioa eman eta erabilera sustatzen baitute. Izan ere, bertsolaritzak eskolari onura asko ekartzen dizkio, hala nola, ahozko komunikazioa hobetzea, komunikatzeko estrategia ezberdinak erabiltzea, sormen linguistikoa bultzatzea, jendaurrean hitz egitean topatzen diren oztopoak eraistea, ideiak antolatzen laguntzea eta, orokorrean, komunikatzaile onak izatea.
Lotutako albisteak

Maiatzaren 15etik 25era egingo da euskararen erabilera aktibatzeko gizarte mugimendua

Bi egunez bisitan etorri dira herria berroneratzeko eta hazkunde demografikoari buruzko esperientzia ezagutzera

Udalekuak ekainaren 23tik uztailaren 18ra bitarteko laur asteetan gauzatuko dira. Izen emateak zabalik maiatzaren 7tik